Aurreko barikuan, urriaren 25ean, Erandioko Asua auzoan izandako beste istripu batek alarma piztu du zonalde horretako bizilagunen eta langileen artean. Asuko biribilgunea da, hain zuzen ere, gune arriskutsu hori, trafiko handiko errepidea baita.
Auzokoa Herrikoi Elkarteak behin eta berriz salatu du zebrabideetan segurtasun-neurririk ez dagoela, eta "ezinezko misioa" dela gurutzatzen saiatzen direnentzat, etengabeko trafikoaren ondorioz. "Egunero beste aldera gurutzatzeko bizitza jokatzea da; inolako segurtasun-neurririk gabe, inguru honetako trafikoak babesik gabe uzten ditu oinezkoak eta langileak", adierazi dute, eta egoera horren berri Erandioko Udalari behin eta berriz eman zaiola gaineratu dute, orain arte konponbide eraginkorrik ezarri gabe.
Egoera horren aurrean, Auzokoa Herrikoi Elkarteak premiazko esku-hartzea eskatzen die arduradunei. "Istripu Gehiagorik Ez!" lelopean, bizilagunek neurri zehatzak eskatu dituzte, hala nola semaforoak, argiztapen hobea, seinale ikusgarriak eta bidegurutzeetarako irisgarritasun handiagoa. Eskaria gauzatzeko sinadura-bilketa ere abiatu dute; horretarako inprimakiak inguruko taberna eta komertzioetan batu daitezkeela jakinarazi dute.