Jado Ikastetxeak Brontzezko A Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso du

Ander Zarraga 2024ko aza. 8a, 12:21

Sari honek Jado ikastetxeak hezkuntza-kudeaketaren abangoardian kokatzeko egin duen ahalegina nabarmentzen du. © JADO IKASTETXEA

Erandioko ikastetxea kudeaketa aurreratuko ereduagatik eta bere lan-taldearen inplikazioagatik aintzatetsi dute, interes-taldeekiko izandako arreta orekatua eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromiso irmoa azpimarratuz.

Altzagako ikastetxeak Brontzezko A Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sari ospetsua jaso du. Sari hori Eusko Jaurlaritzak ematen du EUSKALITen bitartez, eta bere kudeaketa-sistemak hobetzeko konpromisoa duten Euskadiko erakundeak nabarmentzen ditu. Ekitaldia abenduaren 11n izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Sari hori zentroaren kudeaketa metodologiko eta estrategikoaren aintzatespena dela azpimarratu dute zentroko arduradunek; izan ere, aurretik, STEAM Euskadi 2023 Saria ere jaso zuen. EUSKALITek Jado Elkargoa ebaluatu du, eta azpimarratu du "hedapen-maila handia" duela kudeaketa-ereduan, taldearen inplikazioa eta komunitatearekiko arretan; azpimarratu dutenez, alderdi horiek funtsezkoak dira erakundeak arrakasta izan dezan. Ebaluatzaileen txostenaren arabera, ikastetxea "hobekuntzarekiko oso harkorra" da eta "bezeroekin, ikasleekin eta familiekin" lan egiteaz harro dago.

Azaldu dutenez, aitorpen hori emateko, EUSKALITeko Ebaluazio Klubak Jado Elkargoaren Kudeaketa Aurreratuko KAE ereduaren azterketa zehatza egin zuen. Txostenean, zuzendaritza-taldearen eta estrategia-taldearen konpromisoa nabarmentzen da, bai eta lantaldeena ere. Talde horietan, langile askok lidergo-funtzioak hartzen dituztela aipatu dute eta motibazio handia erakutziz. Ebaluatzaileek adierazi dutenez, ikastetxeak lankidetza-kudeaketako egitura sendoa du, eta bertan modu aktiboan parte hartzen dute hezitzaileek, ikasleek eta familiek, ingurune parte-hartzailea eta erantzukizun partekatukoa sustatuz.

Euskadiko kudeaketa aurreratuaren aitorpena

Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria erakundeetan kudeaketa aurreratuaren garrantzia sustatzeko helburuagaz sortu zen, lehiakortasunerako eta eraginkortasunerako gako gisa. 1.500 zuzendari eta teknikari baino gehiagogaz, EUSKALITeko Ebaluazio Klubak modu altruistan egiten du azterketa hori, erakunde bakoitzaren lorpenak ebaluatzeko eta aitortzeko irizpide objektibo eta sistematikoak biltzen dituen Kudeaketa Aurreratuko erreferentzia-eredu bat aplikatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun