Erandioko Komunitate Energikoa (EKE) eratu dute Erandioko hamar enpresak eta Udalak, jasangarritasunerako eta autokontsumoa sustatzeko. Egitasmoaren aurkezpenean egitasmoaren arduradunek azaldu zutenez, elkarte publiko-pribatu horrek aukera emango die bere kideei energia berriztagarria ekoizteko, partekatzeko eta kontsumitzeko, eta Europar Batasunaren laguntzak baliatuko dituzte instalazioetako estalkietan plaka fotovoltaikoak jartzeko.
Proiektua duela urtebete hasi ziren sortzen, eta enpresa hauek osatzen dute: Aenergiza, Aratt, Baimen, E-Ner, Inelsa, Lan Solar Ingenieros, Montajes Meccano, Astilleros Murueta, Luberri eta Obrador Asuaberri, Erandioko Udalaren ondoan.
EKEren aurkezpenean, Aitziber Oliban Erandioko alkateak kooperatiba horrek "herritar guztientzat etorkizun jasangarriagoa eta bidezkoagoa" izateko duen konpromisoa azpimarratu zuen, parte hartzaileei onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak ekartzen dizkien ekimena baita. Gainera, sistemak energia fotovoltaikoaren autokudeaketa ahalbidetuko duela azaldu zuen, sare elektriko konbentzionalarekiko mendekotasuna murrizteko eta energia berdearen autokontsumoa sustatzeko.
Halaber, arduradunek azpimarratu zuten erkidego hori martxan jartzea ere pizgarri garrantzitsua dela Europan. Energia-komunitateek bakarrik eska ditzakete CE Inplementa Programako laguntzak, Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatuta, sistema fotovoltaikoen instalazioa ordaintzeko aukera ematen baitute. Horrela, EKEk dirulaguntza hauek jasoko ditu programaren bosgarren deialdian, udalerrian iturri berriztagarrietarako trantsizioa bultzatuz.
jasangarritasun-helburuak
Bestalde, Erandioko Udalak bere jasangarritasun-helburuetan aurrera egiten jarraitzen duela ere gaineratu uen alkateak, 2019tik indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren Legea ezarriz. Ahalegin horien barruan, Udalak diagnostiko bat egin du araudiaren helburuak betetzeko, eta Jarduera Energetikoaren Plan Orokorra gidatuko duten ildo estrategikoak diseinatu ditu. Sistema horrek udal-horniduren azterketa adimenduna eta automatizatua egingo du, energia-kontsumoa modu jasangarrian eta efizientean optimizatzeko.
Erandioko energia-komunitatea tokiko energia-kudeaketan aurrerapausoa izateaz gain, trantsizio berdeagaz eta energia-autosufizientziagaz konprometitutako lankidetza publiko-pribatuaren eredua ere bada, eta helburu hori errealitate izatetik gertuago dago orain.