Udalak azaldu duenez, proiektuaren helburua da irisgarritasuna hobetzea, guneak berrantolatzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea, Astrabuduko funtsezko arteria hori ingurune seguruagoa, irisgarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa bihurtzeko.
Aurreikusitako hobekuntza nagusiek honako esku-hartzeak aurreikusten dituzte: espaloiak handitzea, gutxienez hiru metroko zabalera bermatuz alboetako batean, jardinerak eta elementu berdeak gehitu ahal izateko; galtzada zeharkatuko duen bidegorri bat jartzea, bizikleten zirkulazioa lehenesteko; hornidura- eta saneamendu-sareak erabat berritzea, saneamendu-sare berri bategaz; fatxadako egungo argiteriaren ordez, zutabeetan instalatutako LED argiztapen-sistema berria jartzea; ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune bat sortzea, auto birentzako edukieragaz; aireko kableak lurperatzea eta gas- eta telekomunikazio-sareak birkokatzea, zuhaitzak landatzea eta lorezaintzako beste jarduketa batzuk errazteko eta hiri-altzari berriak jartzea, hala nola aparkalekuak eta seinale bertikalak berritzea.
Obra horiekaz, Erandioko Udalak ingurumen-aztarna murriztu gura du, mugikortasun iraunkorra sustatu eta Astrabuduko bizilagunentzat lagunkoiagoa eta irisgarriagoa den hiri-espazioa bermatzea baitu helburu.
Kontratazio Mahaiak oniritzia eman ondoren, obrak berehala hasiko dituztela iragarri dute. Proiektua garatu bitartean, eragozpenak minimizatzeko zirkulazioa doituko dutela ere jakinarazi dute; izan ere, exekuzio-epea zazpi hilabetekoa izango da, eta, horri esker, hobekuntzak 2025eko udarako prest egongo direla aurreikusten dute.