Udala Astrabuduko bizilagunakaz elkartuko da Sonoraren arazoari irtenbide bat bilatzeko

Ander Zarraga 2024ko abe. 19a, 13:27

Azaroaren 29an, auzotarren haserrea zikinkeria, segurtasun eza eta zaratagaz amaitzea exijitzeko manifestazioa jendetsu batean gorpuztu zen. © ASTRABUDUKO AUZO ELKARTEA

Erandioko Udalak informazio-bilera irekia egingo du gaur, abenduak 19, 18:30ean, Josu Muruetan, auzoko metro-geralekuaren inguruan jazotako arazoei irtenbideak bilatzeko; besteak beste, Astrabuduko Auzo Elkartekoek iragarri dute bertan izango direla beren aldarrikapenak jakinarazteko. Topaketa streaming bidez ere jarraitu ahal izango da lotura honen bitartez.

Auzokide guztiei irekitako saio horregaz, Udalak urtarrilaren amaierara arte iraungo duen prozesua abiatu gura du, Astrabuduko metro-geltokiaren inguruko arazoei konponbideak bilatzeko. Horretarako, lehen urratsa gaur bertan emango dute auzokideakaz egingo duten bilera ireki bategaz. 18:30ean Josu Murueta kultur etxean izango den hitzordu horretan orain arte emandako jardueren errepasoa egin eta bizilagunen kezkak batuko dituztela aurreratu dute.

Bere aldetik, Sonora dantzalekuaren eragozpenengatik astrabuduarren haserrea bideratu duen Astrabuduko Auzo Elkarteak iragarri du gaurko ekitaldian izango direla, nahiz eta Udalaren erantzuna "berandu heldu". Adierazi dutenez, beraien asmoa egitasmoan "aktiboki" parte hartzea da, eta, horretarako, hainbat eskari plazaratuko dituzte, hala nola auzoko garbitasuna, segurtasuna, zerbitzuak eta politikarien inplikazioa bilatzen duten neurriak exijituko dituzte.

Ildo horretan, elkartetik deitoratu dute ez dutela gura beraien aurpegian "barre egiten duen jarduera pribaturik, bezeroak gure herria txikitzen, seme-alabak lapurtzen eta bizilagunak deseroso sentiarazten dituenik". Era berean, Udaleko ordezkarien aurka jo dute, eta salatu dute ez dutela "milaka euro kobratzen dituzten, baina jaramonik egiten ez gaituzten zinegotzirik gura", ezta guztiz hondatutako kalerik ere.

Prozesuaren jarraipena

Bilera ireki horretatik ateratako ondorioak jardun-ildo zehatzetan bilduko dituzte, urtarrilaren 9an egingo duten bigarren topeketan. Bukatzeko, azken topekata urtarrilaren 29an egin gura dute, garatu beharreko ekintzak zehazteko eta prozesuaz arduratuko den talde eragilea finkatzeko. Lehen saioa ez bezala, bigarren zein hirugarren bilkuretara joateko aldez aurretik izena eman beharko dela iragarri dute udal-iturriek.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun