Diskoteka horretako erabiltzaileek bariku eta zapatu gauetan eragiten dituzten arazoakaz nekatuta, Astrabuduko hainbat auzokidek horren itxiera eskatzeko elkarretaratzea egitea erabaki dute. Bihar jarri dute hitzordua, 19:30ean, Josu Murueta plazan.
salatzen dutenez, lokal horretako erabiltzaileek hainbat arazo eragiten dituzte auzoan, hala nola altzari publikoen apurketa, zikinkeria, segurtasun eza eta goizaldeko ordu txikietan gehiegizko zarata ere izaten da gune horretan, bizilagunen atsedena kaltetuz.
Gauzak horrela, eta Sonora diskotekako arduradunen "interes falta" eta arazoagaz maiatzeko "Erandioko Udalaren ezintasunaren" aurrean, dantzalekuaren itxiera eskatu dute.
Diskotekaren erantzuna
Diego Maestre diskotekaren jabearen esanetan, lokala ireki zuenetik hainbat neurri hartu ditutze horren jarduerak inguruan duen eragina murrizteko; besteak beste, lokalaren inguruan segurtasun-kamerak eta argiztapen-sistemak jartzea. Ser komunikabideari egindako adierazpenetan, Maestrek deitoratu du Erandioko Udalak proposamen batzuk atzera bota izana, hala nola kale-zurruta kontrolatzeko hesi bat jartzea: "Bere garaian, itxitura bat jarri genuen jendea kale-zurruta egiten kanpoan gera ez zedin, baina Udalak debekatu egin zuen".
Era berean, Maestrek adierazi du ez dietela utzi eragozpenak arintzeko neurri gehiago garatzen, hala nola terraza bat prestatzea bezeroak kontrolatutako ingurune batean egon daitezen. "Ezin badute barruan geratu, kalera ateratzen dira. Zer egingo dugu?", adierazi zuen.