Erandioko suteak kaltetutako bederatzi familiak hotel batean birkokatu dituzte, eraikinaren egoera aztertu bitartean

Ander Zarraga 2025ko ots. 11a, 10:50

Artatza eta Uriosteko parkeetako suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren sutea itzaltzera. © BIZKAIKO SUHILTZAILEAK

Aurreko barikuan Erandion sute bat izan zuen etxebizitzako bizilagunak ezin izan dira oraindino beraien etxebizitzetara itzuli. Udalak jakitera eman duenez, egurrezkoa den eraikinaren egoera aztertzen ari dira, baina ez dute horren inguruko adierazpen ofizialik egin. Sutearen eraginez, pertsona bi Gurutzetarako ospitalera eraman behar izan zituzten eta beste bostek laguntza medikoa jaso behar izan zuten.

Bariku arrastian, Ibarra kaleko etxebizitza-eraikin batean izandako sutearen eraginez kaleratu behar izan zituzten bederatzi familiei ostatu eman diete hotel batean. Jesus Rodríguez Erandioko Babes Zibileko arduradunak jakinarazi duenez, kaltetutako blokeko eta aldameneko eraikineko bizilagunak aldi baterako birkokatu dituzte.

Erandioko Udalak adierazi du udal-zerbitzuko teknikariak eraikinaren segurtasuna eta bizigarritasuna ebaluatzen aritu direla, baita auzotarrak horretara bueltatzeko aukera ere. Gaineratu dutenez, bilerak egingo dituzte egoiliarrakaz, maizterrakaz eta administratzaileakaz, izan ditzaketen beharrei erantzuteko.

Udaletik adierazi dutenez, oraindino ez dute adierazpen ofizialik egingo kaltetuei aldez aurretik informazioa eman eta egoeraren ebaluazio osoa egin arte.

Zauritu bi

Sua 18:30ean piztu zen barikuan, eta Artatzako eta Uriosteko suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten hori itzaltzeko eta bost pertsona eta txakur bat erreskatatu behar izan zituzten; horietako bi Gurutzetako ospitalera eraman zituzten kea arnasteagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun