Ez dute Espainiako bandera Erandioko udaletxean zintzilikatuko

Ander Zarraga 2025ko ots. 28a, 09:25

Hainbat herritarrek ikurrinak atera zituzten atzo Erandioko udaletxeko plazara, inposizioen aurrean ikurriña goraipatzera. © ERANDIOKO EH BILDU

Atzoko Udalaren osoko bilkurak ez zuen onartu PPk aurkeztutako mozioa, eta Espainiako bandera ez dute udaletxearen balkoian eta bilkuren aretoan jarriko ezta erregearen irudia ere. Gobernu-taldeak argudiatu zuen bandera legedia betetzen ari direla, eraikinaren atzeko aldean baitago.

Espainiako bandera ez dute Erandioko udaletxearen balkoi nagusian esekiko. Hala erabaki zuen atzo Udalaren osoko bilkurak, PPk aurkeztutako mozioa ezeztatu eta gero. Horrela geratu ziren bozak: PP (1) eta PSE (4) baiezkoak; EAJ (8) eta EHBildu (6) ezezkoak eta Elkarrekin Podemos (2) abstentzioa. Erabakiaren aurrean, PPk 15 eguneko ultimatuma eman dio gobernu-taldeari, bestela gaia auzitara eramateko mehatxua egin du.

Mobilizaziorako deia

Arrastian, 19:30ean hainbat ikurrinagaz elkarretaratzea egin zuten herritarrek erabakia txalotu zuten eta inposizioen aurrean, "herritarren mobilizazioa eta erantzun kolektiboa" aldarrikatu zituzten.

"Gure herriak erabakitzeko eskubidea du, eta horretarako aurrerapausoak ematen jarraituko dugu. Gure borondatea libreki adierazteko eskubidea errespetatu behar da, eta inongo botere zentralek ez digute hori ukatu behar. Ez dugu inposiziorik onartuko", erantsi dute deialdia egin zuten herritarrek.

Era berean, elkarretaratzea deitu zuten eragileek gogoratu zuten hurrengo eguenean, martxoaren 6an, Gure Eskuk aurkezpena egingo duela Merkatu Zaharrean, ekainaren 7an egingo duten mobilizazio erraldoia iragartzeko, eta herritarrei horretan ere parte hartzeko gonbitea egin diete. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun