Astrabuduan desokupazio-enpresaren jazarpenek jarraitzen dutela salatu dute

Ander Zarraga 2025ko mar. 12a, 12:53

Desjabetzea geldiarazteko asmoz, azaroan hainbat herritar hurbildu ziren Aldaieta Bidea kalean dagoen etxebizitzara protesta egitera.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du azaroan etxebizitza galdu zuen Astrabuduko familia desokupazio-enpresa baten jazarpena ari direla jasaten, otsailean, etxe horretara bueltatu eta gero. 

Astrabuduko familia batek hiru aste daramatza Tu Mejor Prestamo mailegu-enpresa kontratatutako desokupazio-enpresa baten jazarpena jasaten. Hori salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak, eta zehaztu du epe bat ezarri dietela etxebizitza uzteko, mehatxu eta presio etengabeak eginez.

Jakinarazi dutenez, martxoaren 10ean, enpresa horretako hiru kide etxera joan ziren eta indarrez sartzeko mehatxua egin zieten, baina une horretan etxebizitzan inor ez zegoenez, desokupatzaileek bideo bat grabatu zuten larderiazko mezuakaz, eta bertan bizi den pertsonetako bati bidali zioten.

7.000 euro

Gatazka iazko azaroan hasi zen, etxebizitzaren jabea, % 75eko desgaitasuna duen 70 urteko emakumea eta haren biloba, etxetik bota zituztenean. Duela zazpi urte 7.000 euroko mailegua eskatu zuten, eta sindikatuak iruzurtzat jotzen duen prozesu baten ostean, etxea galdu zuten. Hala ere, otsailean, bilobak eta lagun batek etxera itzultzea lortu zuten sindikatuaren babesagaz.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, mailegu enpresak legez kanpoko metodoak erabili ditu orain familia kanporatzeko, eta desokupazio-enpresa batengana jo du. Horri erantzunez, sindikatuak batzar bat antolatu zuen otsailean Astrabuduan, egoeraren berri emateko eta komunitatea praktika horien aurka mobilizatzeko.

"Desokupazio-enpresek ezin dute zigorgabetasunez jokatu, eta ez dugu onartuko indarkeria eta larderia erabiltzea familia bat etxetik botatzeko", adierazi dute sindikatuko kideek, auzokideen elkartasunerako deia eginez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun