Bizkaiko Batzar Nagusietako PPko bozeramaile Raquel Gonzalez Diez-Andinok jakitera eman duenez, Erandioko eta inguruetako bizilagunek zenbait gorabehera antzeman dituzte, eta horiek proiektuari eragingo dion galdetu du ahoz erantzuteko batzordean. Horregaz batera, marea bizien aurrean duten kalteberatasunaz eta ertz bietako uholdeen aurrean duten eragin-mailaz ere azalpenak eskatu ditu.
"Bizilagunek ohartarazi digute obretako eremu batzuetan pilote gehiago sartu behar izan dituztela, hasieran zeudenak baino. Horrek pentsarazten die obra garestitu egingo dela aurrekontuan jasotakoarekin alderatuta, eta, gainera, obraren uholde-arriskua handitu egin dela", adierazi du bozeramaileak.
Zentzu horretan, gogorarazi du 2024an ohartarazi zuela kaiaren kota jaisteak eragindako uholde-arriskuei buruz, eta deitoratu du Aldundiak ez ikusiarena egin duela. Orain, herritarren kezka berrien aurrean, talde popularrak gardentasuna eskatu du egutegiari, aurrekontuari eta proiektuaren bideragarritasunari buruz.