Plaiabarriko eremuan esku-hartzea finkatzeko hitzarmena sinatu dute ETS, SPRILUR eta Erandioko Udalak

Ander Zarraga 2025ko api. 22a, 10:27

Erandion, Asua ibaiaren ondoan dago Plaiabarriko eremua, iraganean lantegiak hartzen zuten eremua.

Hiru erakunde horiek sinatutako hitzarmenaren bitartez, Erandioko Plaiabarri-Sakoni eremuko 66.000 metro koadro inguru eraldatu gura dituzte, hirigintza-garapena eta trenbide-azpiegituren hobekuntza uztartzen dituen proiektu baten bidez. Ekimenak industria- eta zerbitzu-erabileretarako lurzoru berria sortzea eta Euskotrenentzat Arriagako kotxetegi berriak eraikitzea aurreikusten du, besteak beste.

Aurreikusitako jarduketen artean, Plaiabarri bidea egitea dago, sektore berrirako sarbidea izango duena, bai eta Arriaga-Sakoni bidea egokitzea eta BI-735 foru-errepidearekiko elkargunea egitea ere. Gainera, lurzorua deskontaminatzeko lanak egiteagaz batera, lorategiak ere jarriko dituztela iragarri dute, ingurune bizigarriagoa eta iraunkorragoa sortzeko asmoagaz.

Halaber, arduradunek iragarri dutenez, Euskal Trenbide Sarearen kotxetegi berriek 17.140 metro koadroko partzela bat hartuko dute Arriagako tunelaren ondoan, eta 20 tren unitate ingurutarako edukiera izango dute. Nabe nagusiak 150 metroko luzera, 46 metroko zabalera eta 12 metroko altuera izango ditu, eta erabilera anitzeko eraikin bat, pilaketa-eremu bat, langileentzako aparkaleku bat eta unitateak garbitzeko eta mantentzeko erantsitako bide bat izango ditu. Gordelekuak 11 trenbide izango ditu, eta lotura bi Lutxana-Lezama linea nagusiagaz.

Proiektuaren guztizko kostu zenbatetsia 11,34 milioi eurokoa izango da, BEZik gabe; zenbateko hori ETSk eta SPRILUR-ek erdibana finantzatuko dute. Plan estrategiko hori erakundeen arteko lankidetzaren aldeko apustua dela azpimarratu dute erakunde bultzatzaileetako arduradunek, hiri-berroneratzea, tokiko garapen ekonomikoa eta Bilboko trenbide-konektibitatea hobetzeko, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun