Sonora diskotekaren inguruko polizia-operazioa ekainean amaituko da, 700 esku-hartze baino gehiago egin ostean

Ander Zarraga 2025ko mai. 20a, 13:56

Ertzaintzak eta Erandioko Udaltzaingoak prebentzio-dispositibo bat abiatu zuten aurreko azaroan, Sonora diskotekaren kanpoaldean © ERTZAINTZA

2024ko azarotik, Erandioko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak plan bateratu bat garatu dute Astrabuduko Sonora diskotekaren inguruan, eta, horren ondorioz, poliziaren 700 esku-hartze baino gehiago egin dituzte, segurtasuna hobetzeko eta kale-zurruta, droga-trafikoa eta gizalegearen aurkako beste portaera batzuk ekiditeko.

Erandioko Udalak jakinarazi duenez, orain arte 520 zehapen-proposamen erregistratu dituzte bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik, 61 trafiko-salaketa, 18 kalean pixa egiteagatik, eta 64 zehapen-espediente ireki dituzte drogak kontsumitzeagatik edo edukitzeagatik, arma zuriak eramateagatik eta agintearekiko errespetu faltagatik edo desobedientziagatik.

Gainera, poliziak zazpi eginbide judizial bideratu ditu, besteak beste, alkoholemia positiboagatik, droga-trafikoagatik eta zitazio judizialengatik, eta lau atxiloketa ere egin ditu errekisitoria judizialengatik, agintaritzaren aurkako atentatuagatik eta estupefazienteakaz lotutako delituengatik.

Plana ekainaren amaierara arte luzatuko dutela iragarri dute, dantzalekuaren udako itxierara arte, eta kriminaltasuna murrizteko, eremu publikoetan alkohol-kontsumoa prebenitzeko eta udalerrian segurtasun-pertzepzioa hobetzeko udal-estrategia baten parte dela ere azaldu dute.

Udalak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baterako operatibo horiei jarraipena emateko konpromisoa ere hartu du; izan ere, diskotekarako sarbideetan alkoholaren eta drogen kontsumoa detektatzeko trafiko-kontrolak ere egiten dituzte.

Toki-administraziotik azpimarratu dutenez, hedapen horrek gizalegearen aurkako portaeretan disuasio-eragina izan du, eta aste-akabuetan gazteen kontzentrazio handieneko puntuetako batean bizikidetza eta herritarren segurtasuna hobetzea ahalbidetu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun