Aurreko azaroan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ekintza-plan bat martxan jarri zuten, polizia-dispositiboen bitartez jaiegunetan eta aste-akabuetan Erandioko Sonora diskotekaren inguruan jazotzen diren delitugintzako eta gizalegearen aurkako zenbait jokabide murrizteko helburuagaz.
Aldi horretan, Udaltzaingoaren eta Erandioko ertzain-etxearen arteko operatibo bateratuan oinarritutako sei polizia-dispositibo berezi egin dituzte. Horietan, Brigada Mugikorraren Unitatearen, Txakurren Unitatearen, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitatearen eta Getxoko ertzain-etxearen eta Leioako Udaltzaingoaren parte-hartzea izan dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azpimarratu duenez, helburua izan da "eremu horretan delinkuentzia murriztea, polizia- eta administrazio-neurri batzuen bidez, hautemandako segurtasun-gabeziaren sentsazioa murriztea, arau-hausle batzuek duten zigorgabetasun-sentsazioa murriztea, Herritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoa betetzen dela zaintzea", eta, hala badagokio, arma zuriak eramateagatik, erakusteagatik edo erabiltzeagatik eta drogak kontsumitzeagatik zehapen-espedienteak irekitzea.
Era berean, bide publikoan alkohola kontsumitzea eragotzi gura izan dute, udal-araudia betetzen ez duten pertsonei administrazio-zigorrak ezarriz, eta diskotekaren inguruan gizalegearen aurkako jokabideak saihestu, hala nola kalteak, pixa, gorakoak, zaratak, zaborra, borrokak... Dispositibo horietan, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateak alkohol- eta droga-kontrolak ere egin ditu diskotekara sartzeko bideetan.
Balantzea
Aldi horretan egindako operatiboetan, 47 atestatu ireki dituzte, bederatzi pertsona atxilotu eta 19 ikertu. Horren arrazoi nagusia ebasketa-delituak, indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretak eta lesioak izan dira. Gainera, arma zurien kontroletan sei arma atzeman dituztela ere azpimarratu dute.
Horrez gainera, 37 arau-hauste administratibo ireki dituzte, Herritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoa aplikatuz, gehienak droga edukitzeagatik eta agintaritzaren agenteekiko errespetu faltagatik.
Trafikoko kontrolei dagokienez, zazpi positibo izan dira alkoholean eta positibo bat drogetan. Bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik 337 zehapen-proposamen ere egin dituzte.