Asuako errepidean dagoen biribilgune handiaren inguruan hainbat istripu izaten direla salatu dute sarritan bizilagunek, tartean, harrapaketak. Hori dela eta, behin baino gehiagotan oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dizkiete bai Erandioko Udalari, bai Bizkaiko Foru Aldundiari. Zentzu horretan, hainbat idatzi bidali zizkieten Erandioko Udaleko eta Aldundiko arduradunei eta 800 sinadura ere bildu zituzten, tartean, inguruko enpresa eta dendari askorenak.
Azkenean, auzotarren presioari esker, inguruko bizilagunen eta enpresetako langileen segurtasuna hobetuko duen sakagailua duen semaforoa eta jarri dute. Horrez gain, BI-604 errepidean abiadura moteltzeko neurriak ere hartuko dituztela iragarri dute, modu seguruan bidea gurutzatzea erraztuko duena eta biribilgunera doazen ibilgailuen abiadura motelduko duena, istripuak eragotziz.
Auzokoa Herrikoi Elkarteak garaipen kolektibo gisa ospatu du neurria eta eskerrak eman dizkie ekimena babestu duten herritar guztiei.