Erandioko erraldoien konpartsa

Emilio Garzia: "Herriko elementuak kalean jarri nahi genituelako sortu genituen erraldoiak"

Ander Zarraga 2025ko abu. 19a, 15:51

Erandioko erraldoiak San Agutin jaien hasieran: La Ria, Zumalakarregi, Mari eta Peru; behean, Patakon pirata eta Amalur sorgina.

Erandioko erraldoiek 40 urte beteko dituzte aurten. Abuztuaren 27an, jaietan, berriz ere aterako dira Altzagako kaleetara, baina nola sortu ziren eta zer esan gura dute pertsonaia ikusgarri hauek?

Erandioko erraldoien konpartsak 40 urte beteko ditu aurten; izan ere, 1985eko San Agustin jaietan atera zituzten lehen bi erraldoiak eta kilikiak. "Azken urteetan erraldoiek izugarrizko ospea lortu dute, eta jendea beti dago noiz aterako diren itxaroten", adierazi du Emilio Garziak, konpartsako kide eta sortzaileetako batek. Bera Gautxoriak kultur elkarteko kidea da, eta horren barruan sortu zuten erraldoien konpartsa. Garziak azaldu duenez, Gautxorikoek jai-batzordean eta auzoko kontuetan parte hartzen zuten, eta halaxe jarraitzen dute: "Herrian hainbat gauza antolatzen genituen, eta hortik azaldu zen jaietan herriko elementu materialak jartzeko beharra, eta erraldoiak sortzea erabaki genuen".

Garai hartan sortu zituzten lehendabiziko erraldoiak bi izan ziren: La Ria eta Zumalakarregi. Altzaga itsasadarraren industrializazioaren ondorio da; horregatik, lehen pertsonaiari La Ria izena jarri zioten, auzoaren historian eta izaeran ezinbesteko elementua delako. "Nahiko pertsonaia androginoa da, ez da gizona, ez emakumea, itsasadarra bera bezala; antzinako alkate edo burgesen moduan doa jantzita, baina kabareteko dantzari baten antza du ere; gainera, itsasgizonen belarritakoa darama eta makillatuta dago; La Riak itsasadarraren aurpegi guztiak ditu", azaldu du. Bestea Zumalakarregi da, karlismoaren ikurra. "Gu Lutxanan egon zen batailatik abiatu ginen, nahiz eta Zumalakarregik ez zuen horretan parte hartu; karlismoaren foruak eta guda horietan galdu zena gogoratu nahi izan genuen, ez karlismoren integrismoa".


Kilikiak, kutsaduraren irudi.

Lehen erraldoi horiekaz batera kilikiak ere sortu zituzten: "Kilikiekin Erandioko kutsadura irudikatu nahi genuen, gasa, lantegiak... Hauek gaiztoak dira eta hori irudikatzeko arratoiak sortu genituen; errekako arratoi zikinak, hain zuzen ere".

"Umeak asko animatzen dira, 15 kiliki ere izaten ditugu jaietan, baita erraldoi txikiak ere. Baina erraldoi handiak eraman nahi dituzten gazteak behar ditugu. Kuadrilla bat animatuko balitz arazoa konponduko litzateke"

Urte batzuk beranduago, 90eko hamarkadan, beste erraldoi bi gehitu zituzten: Peru eta Mari. "Horiekin Erandio zaharra irudikatu nahi genuen. Horretarako, Martiartutarren hilobian oinarritu ginen". Horiekaz batera Zaldiko pare bat ere sortu zituzten, eta hainbat maskara, erraldoi eta buruhandi sortu dituen Xabier Garate artisau ezagunak umeentzako erraldoi bi ere egin zizkien: Patakon pirata eta Amalur sorgina.

Konpartsakideen bila.

Garziaren esanetan, konpartsakideen kopurua nahiko gorabeheratsua da: "Bitxia da, erraldoiak oso modan daudelako, baina jendeak ez duelako dantzatu nahi". Azaldu duenez, erraldoiak dantzatzea ez da lan erraza, nahiko astunak direlako, "datozenei bakarrik eskatzen diegu ez erortzeko". Hala ere, esperientzia oso polita dela azpimarratu du berak, bakoitzak bere berezitasunak baititu. "Perurekin ondo moldatu zaitezke, baina La Ria oso astuna da; hala ere, dantzan egitea izugarri ederra da", azaldu du.

Dioenez, Nafarroan hainbat jende batzen da konpartsen inguruan, eta Katalunian izugarrizko ospea eta garrantzia daukate, "herrietako eta jaietako ondarea dira". Aldiz, Erandion eta hemengo beste herri batzuetan jendea falta zaiela deitoratu du, bai dantzan egiteko, zein laguntzeko ere. "Jendeari asko gustatzen zaio eta ikusmin handia sortzen dute, baina ateratzeko jendea falta zaigu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun