Erandioko hainbat bizilagunek Udalari egindako kexa administratiboek erantzunik jasotzen ez zuela ikusita, ekintza zuzena gauzatu dute Erandio Bizirik plataformako kideek. Herritarrek salatu dute pistetako horma gardenetan txoriekin izaten diren kolpeak ohikoak direla eta hilkortasun handia eragiten dutela, eta hori ekiditeko, behin-behineko neurria hartu dute eta kolore gorriko zinta itsaskorrak jarri dituzte beiretan.
"Ezin dugu minutu bat gehiago ere galdu egoera larri honen aurrean", adierazi dute auzotarrek sare sozialetan. Era berean, horrelako ingurumen kontuetan "Udalak bereziki zorrotza" izan behar duela azpimarratu dute, eta, erakundeen "inoperantziaren" aurrean, beraiek auzo-ekintza bat burutu dutela azaldu dute. Horretarako, 20 euroko gastuagaz, ikusgarritasun handiagoko pegatinak jarri dituzte pistetan, hegaztiak talka egitea saihesteko.
Ekimenaren sustatzaileek espero dute neurri honek "txorien heriotza asko saihesten" lagunduko duela, eta udalaren esku dagoen "neurri eraginkorrago eta iraunkorrak" berehala hartzeko eskatu dute.