Mediku eta Erizain berriak astelehenetik barikura eskainiko dituzte zerbitzuak, eta lanaldia banatuko dute Erandiogoikoko eta Derioko kontsultategien artean dagoen zonaldean. Osakidetzako iturriek zehaztu dutenez, erabaki horren bitartez Erandiok dituen beharrizan demografikoetara egokituko dute osasun-zerbitzua, "zehazki, kontsultategia dagoen eremura, azken urteotan bertako biztanleria nabarmen hazi egin baita".
Era berean, Osakidetzak, Erandioko Udalagaz lankidetzan, auzoko kontsultategia handitzeko lanak hasi dituela ere iragarri dute, Erandiogoikoko bizilagunei arreta erosoagoa eta eskuragarriagoa eskaintzeko helburuagaz. Kontsultategi berriak kontsulta bi gehiago izango ditu: bat medikuentzat eta beste bat erizainentzat. Horiek urriaren bigarren hamabostaldian hasiko dira lanean, obrak amaitzen dituztenean.
Aldez aurretik, Erandiogoikoko bizilagunek hainbat alditan kexatu dira Osakidetzan eta Erandioko Udalean auzoko osasun-zerbitzua nahikoak ez zirela salatzeko. Besteak beste, salatu zuten ez zutela mediko nahikorik, ezta pediatrarik ere, eta zerbitzua "kolapsatuta" zegoela zioten.
"Medikuaren ratioa eduki beharko lukeenaren bikoitza da ia-ia, berak esan zidan beste mediku bat jartzeko lana dagoela, egunean 22 paziente izan behar zituenean 45 izatera heltzen baita; gainera oporrak eta bajak ez dituzte betetzen, beraz mediku gabe egon gara hainbatetan", deitoratu zuen auzokideetako batek.