Roberto Aretxabala Metalurgica Marina enpresako enpresa garapeneko arduradunak Tele7 telebista-kateari azaldutakoaren arabera, lantegian ibilgailu astunen joan-etorri handia izaten dute, baina bulebarraren egungo diseinuak kamioien maniobra eta sarbidea eragotziko luke. Horrek lantegiaren bideragarritasuna kolokan jarriko lukeela ohartarazi du. Era berean, inguru horretan beste hainbat lantegi daude, eta lanek beste enpresa ere eragin ahalko lieketela adierazi dute zenbait herritarrek sare sozialetan.
Momentuz, lorategi erdibitzaileak joango diren tokia adierazten duten lekuan hesiak jarri dituzte, eta horrek aditzera ematen du bulebarraren trazadura zein izango den. "Baina zer gertatuko da lanak amaitzen dituztenean, lorategia eginda dagoenean eta 12 metroko pieza bat dakarren kamioi handi bat etortzen denean?", deitoratu du beharginak.
"Ez gaude espaloien, lorategien, bidegorriaren eta itsasadarra hobetzearen aurka. Eskatzen dugun gauza bakarra da proiektua enpresara sartzeko maniobrakaz bateragarri egitea. Zabalera nahikoa dago edozertarako, baina aldaketa txikiak egin behar dira diseinuan, bidegorriaren eta enpresaren arteko elkarbizitza bermatzeko", adierazi du Aretxabalak Tele7 telebista katean egindako elkarrizketan.
Arduradunak azaldu duenez, "badirudi erakundeek ez dutela arazo hau aurreikusi, eta, hain zuzen ere, Aitziber Oliban Erandioko alkatea enpresara etorri zen arazoaren nondik norakoak ezagutzera, eta hurrengo astelehenean Udalagaz eta Aldundiagaz bilduko gara".
Metalurgica Marina Erandioko familia-enpresak 75 urtetik gora daramatza jarduera industrialean, eta gaur-gaurkoz 78 famialiren mantenua da.