Horrelakoa izango da itsasadarreko bulebarra

Ander Zarraga 2022ko mai. 3a, 18:59

Urtebete barru hasiko dituzte Getxo eta Bilbo elkartuko dituen itsasadarreko pasealekua eta bizikleta-bidea eraikitzeko obrak. Aldundiak egitasmo berria aurkeztu du gaur, eta iragarri du 6,5 kilometroko ibilbidean hainbat aldaketa egingo dituztela hori hiri-bilbean sartzeko.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak itsasadarreko bulebarraren trazatu-proiektua aurkeztu du gaur, maiatzak 3. Bulebarrak Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo lotuko ditu, eta  BI-711 errepidearen ibilbidearen trazaduran oinarrituko da, baina hori aldatuko du. Zehazki, 6,5 kilometroko luzeran, itsasadarraren eskuinaldeko aurrealdea hiri-bilbean integratuko dute, horren eraginez, trafikoa geldotuko dute eta oinezkoentzako pasealeku bat eta bizikleta-bide bat sortuko dituzte.

Aurkezpen-ekitaldian, Rementeriagaz batera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Imanol Pradales, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Erandioko alkate Aitziber Oliban, Getxoko alkate Amaia Agirre eta Leioako alkate Iban Rodríguez izan dira.

Rementeriak iraultzailetzat jo du proiektua; izan ere, itsasadarraren eskumaldeko ertz osoan bulebar bat sortuko dute horri esker. Horrek, bizitzeko eta mugitzeko moduan lehenaren eta ondorengoaren arteko muga ezarriko duela adierazi du. Halaber, ziur da uraren aurrealdea berreskuratzeak era guztietako aukera berriak sortzen lagunduko duela.

Proiektua exekutatuta, helburu bi lortu gura dituzte: batetik, itsasadarraren eskuinaldeko fatxada berroneratzea, eremu horretaz gozatzeko gune gisa hiri-bilbean sartzeko, eta, bestetik, mugikortasun jasangarria sustatzea. Horretarako, Aldundiak BI-711 errepidearen plataforma eraldatuko du, gaur egun, motordunen zirkulazioak hartzen baitu nagusiki, eta mugikortasun jasangarrirako hiri-bide gisa berrantolatuko du, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna elkarregaz ibil daitezen.

Proiektuaren alderdi nabarmenak

Getxon eta Bilbon dauden oinezkoen eta bizikleten bideakaz konektatuta, bulebarrak oinezkoen pasealekurako hiru metroko sekzio bat izango du ibilbide osoan zehar, itsasadarretik hurbilen dagoen bandatik igaroko dena, eta, haren ondoan, lau metroko zabalerako bizikleta-bidea egongo da. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-eremua, berriz, 6,8 metrokoa izango da.

Hiru guneok behar bezala identifikatuta eta bereizita egongo direla azaldu dute Aldundiko iturriek, mugikortasun-modu bakoitza segurtasunez erabiltzen dela bermatzeko. Jakinarazi denez, bulebarra ezkerraldeko bizikleten eta oinezkoen sareakaz konektatuta egongo da, Aldundiak Erandio eta Barakaldo artean eraikiko duen zubi mugigarriaren bitartez.

Gaur egungo plataformak leku nahikorik eskaintzen ez duen tarteetan, behar den eremua ur-laminaren gaineko plataformen bidez irabaziko dute. Trazatuaren 6,5 kilometroetatik, 1,8 kilometro gehiagotan plataforma eraiki beharko dute, hegan edo piloteen gainean, zeinek 5,9 metroko zabalera izango duen gehienez ere.

Proiektuan nabarmendu duten beste elementu bat hau da: motordunen zirkulazioa kenduko dutela itsasadarraren aurrealdean, Lamiakoko paduretako 800 metroko tartean, non oraingo BI-711 errepidea oinezkoentzako eta bizikletentzako tarte bihurtuko den aisialdirako espazioakaz. Horretarako, motordunen zirkulazioa Felipe del Río kaletik bideratuko dute.

Azkenik, aipatu dute dute Asuako BI-747 errepideagaz eta Astrabuduako BI-647 errepidegaz bidegurutzeak berrantolatzeko irtenbide bat ere proposatu dutela: bidegurutzeak, gaur egun Tn daudenak, hiri-biribilgune bihurtuko dituzte, horrek bide-zirkulazioaren arintasuna hobetuko baitu. Era berean, zirkulazioa baretzeko kontrol-elementuak ere izango direla azaldu dute.

Inbertsioa eta epeak

Itsasadarreko bulebarraren trazatu-proiektua informazio publikoaren izapidearen pean jarriko dute datozen egunetan; ondoren, eraikuntza-proiektua egingo dute. Abuzturako aurreikusi dute hori onartzea, eta behar den inbertsioa eta eraikitzeko epeak zehaztuko dituzte. Dena den, Foru Aldundiak 20 milioi euroko inbertsioa egin beharko duela uste dute, eta, aurreikusi dutenaren arabera, obrak 2023ko apirilean hasiko dituzte, eta 2024ko bigarren erdialdean amaitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun