Erandiogoikoko kontsultategiko lanak amaituta, Osakidetzak langile gehiagogaz indartuko du zerbitzua

Ander Zarraga 2025ko urr. 27a, 13:05

Bihartik aurrera Familia Mediku bat gehituko zaio Erandiogoikoko kontsultategiko lantaldeari. © OSAKIDETZA

Uribeko ESIko Erandiogoikoko kontsultategiak, urriaren 28tik aurrera, martitzena, Familia Medikuntzako beste profesional bat izango duela iragarri du Osakidetzak. Mediku berria mediku batek eta bi erizainek osatzen duten Lehen Mailako Arretako egungo lantaldeari batuko zaio.

Langile kopurua indartzeaz gain, Osakidetzak, Erandioko Udalagaz lankidetzan, kontsultategia handitzeko eta hobetzeko obrak egin dituela ere azaldu dute Osakidetzako iturriek. Esku-hartze horren helburua kontsultategia osasun-langileen eta Erandiogoikoko bizilagunen egungo beharretara egokitzea izan da, eta horiei esker, kontsulta bi gehiago eta gune berrituak ditu, arreta erosoagoa eta eskuragarriago emateko.

Jarduera horiekaz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zerbitzua udalerriaren beharrizan demografikoetara egokitu gura izan dute zerbitzua, zehazki, kontsultategia dagoen eremura, azken urteotan bertako biztanleria hazi egin baita nabarmen.

Lanpostu berria beteko duen medikuak eta erizainetako batek astelehenetik barikura, goizez, eskainiko dute arreta, eta Erandiogoikoko eta Lezamako kontsultategien artean banatuko dute lanaldia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun