Anton Fernandez eta Josu Murueta gogoratu dituzte Poliziak hil zituela 56 urte bete direnean

Ander Zarraga 2025ko urr. 28a, 15:26

Josu Murueta eta Anton Fernandezen hilketaren oroimenean Udalak plazan egindako esku-hartzea ere kritikatu zuten. © ECUADOR ETXEA

Domekan, urriaren 26an, Astrabuduko Josu Murueta plazan egindako ekitaldian duela 56 urte kutsaduraren aurkako manifestazioetan poliziaren tiroek hildako Anton Fernandez eta Josu Murueta herritarrak omendu zituzten. Erandioko Oroimena elkarteak antolatu zuen ekitaldia, frankismoaren errepresioaren aurrean bizia galdu zuten herritarrak omentzeko eta Erandion askatasunaren alde borrokatu zirenen lana aitortzeko.

Ekitaldian dozenaka herritar bildu ziren, euren artean biktimen senideak eta lagunak. Urtez urte, Altzaga eta Astrabudua tartekatzen dituzte omenaldia egiteko, eta, aurten Altzagaren txanda bazen ere, Astrabuduan egin dute, Udalak plazan egin dituen berritze-lanak direla-eta izena ematen dion Josu Murueta izendapena ia desagerrarazi baitute. "Oso larria iruditzen zaigu fintasun falta hori. Gure ustez, haserre egoteko arrazoi asko dago, izen hauek garrantzitsuak baitira", deitoratu zuten.

"Zalantzarik gabe, gure herriaren oroitzapen mingarriak dira. Gauza batzuk ezin dira egin, oroimen historikoari ematen zaion arreta eskasa ez zaigu gustatzen; adibidez, liburu batzuk idatzita daude, baina ez daude jendearen eskura. Plazari izena ez jartzearen "oker" hori mugarria da", gaineratu zuten elkarretaratzean.

Horrez gain, ekitaldian Erandioko Oroimenak senideei eta lagunei eskerrak eman zizkien urteetan egindako lan nekaezinagatik, "uste dugulako ezinbestekoa dela haien lana aitortzea, nahiz eta askok erailketa horiek ahaztu nahi izan arren".

Era berean, egun Palestinan bizi den egoera ere aipatu zuten eta Israelen aurkako boikota aldarrikatu zuten: "Uste dugu ezin dela egon gobernu autoritarioek eragiten dituzten ankerkeriak gogoratzeko ekintzarik, Palestinako herriak pairatzen duen genozidioaz hitz egin gabe".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun