"Etxegabetze horiek ez ziren inolaz ere gertatu behar"

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 24a

Gaur goizean, Erandion kaleratutako familiak eta Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatuko kideek prentsaurrekoa egin dute bizitako egoera salatzeko. © EHESS

Barikuan, Erandion kaleratu zituzten familiei eragin dieten zaurgarritasun-egoera salatu dute, eta gaineratu dute ez dietela inongo etxebizitza-alternatibarik eman. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek poliziaren jarrera salatu eta sistemaren porrota agerian geratu dela adierazi dute, eta antzeko egoeran dauden herritarrei sindikatuetara jotzeko deia egin diete.

Joan den barikuan, iruzur baten biktima izan diren hiru familia etxetik atera zituzten Erandion. Hori salatzeko, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Erandioko udaletxearen aurrean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideakaz batera. Bertan, kaleratzeak "inolaz ere ez zirela gertatu behar" adierazi dute, eta horren emaitzak nabarmendu dituzte: kalean geratu diren hiru familia eta bankuen eta espekulatzaileen esku geratu diren etxebizitzak.

Naiara Iglesias Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkariak lau puntu nagusitan laburbildu du sindikatuaren jarrera. Batetik, ohartarazi du etxegabetze horiek argi eta garbi erakusten dutela sistemak "porrot egin duela langile klasearen beharrei erantzuteko". Salatu duenez, hotz-bolada eta etxebizitza-krisi bete-betean, "epaileak, politikariak eta poliziak egin behar luketenaren guztiz kontrakoa egin dute: etxeak bankuei eman eta familiak kalera bota. Emaitza argia da: hiru familia kalean eta hiru etxe huts, banku batek horiekin espekulatu ahal izateko". Hori horrela, finantza-erakundeari exijitu dio familia horiei etxebizitzak itzultzeko eta salatu du kaleratzeak "alternatibarik gabe" exekutatzea, nahiz eta legeak kontrakoa agindu. 

Bestetik, antzeko egoeran egon daitezkeen pertsona guztiei sindikatuengana jotzeko deia egin die: "Ez izan zalantzarik sindikatuetara jotzeko. Eta, batez ere, ahalik eta azkarren egin, eraginkortasunez eta bermeakaz jokatu ahal izateko".

Bukatzeko, protesta-eskubidearen defendatu eta barikuan emandako erantzun sozialaren zilegitasuna defendatu du, Ertzaintzaren dispositibo gogorra salatuz: "Etxegabetzeen aurka protesta egitea ez da delitua, zilegia eta beharrezkoa den gizatasun-ekintza bat da".

Aurrekariak

Naiara eta Asier bikotearen drama hipotekarioa izan zen prozesu guztiaren abiapuntua; izan ere, barikuan bikotea eta haien bien gurasoak atera zituzten beraien etxeetatik, UCI (Santander bankuaren jabetzakoa) erakundeak kaleratzeak exekutatu zituenean.

Azaldu dutenez, bikoteak oinordetzan jasotako lursail batean etxebizitza bat eraikitzen hasi zirenean hasi zen arazoa, haiekaz bizi zen beste bikotea banatu ostean, UCIk bien gurasoak abal-emaile gisa sartzera behartu baitzituen. Krisi ekonomiko betean, enplegua galdu zuten eta ordaintzeko arazoak izaten hasi ziren, orduan, interesak biderkatu zizkieten eta kaltetuentzat ordainezinak ziren kopuruetara heldu ziren. 2019an, kontratuaren hainbat baldintza baliogabetzeko eskaria aurkeztu zuten, baina kasua Auzitegi Gorenean dago oraindik.

Hala eta guztiz ere, erakundeak hipoteka betearazteko bide azkarra aktibatu zuen, eta Bilboko 12 zenbakiko Epaitegiak uko egin zion kaleratzeak eteteko aurkeztutako helegiteei. Epaileak ez zituen aintzat hartu Auzitegi Gorenean kausa oraindik zabalik egotea, ezta familien kalteberatasuna egiaztatzen zuen txostena ere.

Etxegabetzeak burutu zituzten egunean, Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea deitu zuen protesta egiteko. Hala, goizeko 07:30ean, Ertzaintzak Kukularra kale osoa hesi bidez itxi zuen, eta, protesta ordu batzuen ondoren, 11:30ean, gauzatu zen lehen kaleratzea. Protestan ari ziren herritarrak Ategorribarriko hirugarren etxebizitzara mugitu ziren, baina, Ertzaintzaren dispositiboak 15:00etan burutu zen kaleratze hori ere bai.