Iragarritako ekintzakaz hasteko, herri-antolakunde horretako kideek hainbat eskaera dituen eskuorri bat banatu dute udalerrian. Dokumentu horretan, aparkaleku publiko eta doakoak sortzea eskatzen diote Udalari, gaur egun existitzen diren behin-behineko aparkaleku handiak desagertzean sortuko den defizit handiari aurre egiteko. Iragarri dute beraien aldarrikapenak "jarraitutasunez" egingo dituztela, ahalik eta eragin handiena lortzeko.
Era berean, koordinakundeko kideak bihar, hilak 27, egingo den Udalaren osoko bilkuran parte hartuko dute. Bertan, prestatutako testu hori irakurri eta protesta eta erreklamazioa formalki aurkeztuko dute Erandioko ordezkari politiko guztien aurrean.
Gainera, bariku arrastian, 18:00etatik aurrera, ibilgailuen karabana deitu dute, Axpetik abiatu eta Astrabudua eta Altzaga auzoak zeharkatuko dituena. Koordinakundeak adierazi du hasiera horregaz kaleko ekintza gehiagori emango dietela bide, egunez egun kaltetutako herritarrak erakarri eta antolatzeko asmoagaz.
Bestalde, koordinakundeak gogor salatu du egungo behin-behineko aparkalekuen egoera, hala nola Cables y Alambres lantegi zaharrekoa, "tamalgarria" eta "lotsagarria" dela, eta egunotako euria dela eta, ibilgailuetara heldu ahal izateko eta aparkatzeko putzu handien gainetik ibili behar izan direla salatu dute.