Erandioko bizilagunek aparkalekuaren arazoari behin betiko erantzuna emateko koordinakunde bat sortu dute

Ander Zarraga 2025ko urr. 22a, 09:24

Besteak beste, Udalak Cables y Alambres behin-behineko aparkalekua jarri du lantegi zaharreko orubean. © APARKALEKUA KONPONDU

Altzagako eta Astrabuduko ehun bizilagunek baino gehiagok Erandioko Udalari behin betiko konponbidea eskatzen dion auzo-mugimendua osatu dute. Arazoa gizarteratzeko mobilizazioak iragarri dituzte.

Erandioko auzo jendetsunetako ehun bat bizilagunek Konpondu Aparkalekua–Aparcamiento Solucion izeneko koordinakunde berria osatu dute, Altzagan eta Astrabuduan egindako bileren ondorioz. Azpimarratu dutenez, taldea helburu argi bategaz jaio da: udalerrian dagoen aparkalekuaren arazoari behin betiko irtenbidea ematea eskatzea Udalari, "herriaren arazo nagusia" dela uste baitute.

Bere komunikatuan, sustatzaileek Udalaren "utzikeria eta planifikazio falta" salatu dute eta TAOren aldeko apustua "txiste txarra" dela esan dute. Gaineratu dutenez, arazoak txarrera egingo du Udalak ahalbidetutako 1.500 aparkaleku-plaza behin behinekoak baitira, orube horietan etorkizunean eraikuntzak aurreikusten baitira. "Mobilizatzea eta kalera ateratzea besterik ez zaigu geratzen", diote.

Auzoetan egindako bileretan adostutako lehen ekintzen artean, koordinakundeak sinadura-bilketa bat iragarri du, Cables y Alambres lantegi zaharrean eta Axpe-Udondon egingo dituzten hirigintza-proiektuen inguruan herri-kontsulta bat egiteko aukera emango duen mozioa aurkezteko Erandioko Udalaren osoko bilkuran. Auzotarrek diru hori "auzoetako defizitak estaltzeko erabiltzea" eskatzen dute, "aparkalekua barne". Gainera, manifestazio handi batean amaituko diren protestak aurreikusi dituzte.

Komunikatuaren amaieran, EAJ-PSE koalizioko egungo udal-gobernuari egotzi diote erantzukizun zuzena, "urteetako gelditasuna eta promesa hutsak" egotzita: "Legegintzaldi asko daramatzate konponbideak agintzen, baina ez dira gai izan arazo larri hori konpontzeko, edo ez dute nahi izan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun