Elkarrizketak

Amaia Arriaga: "Hizkuntza-eskubideak eskubide sozialen parte dira"

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 15a

Euskara zein feminismoa izan dira Amaia Arriagaren bizitzako ardatz nagusiak.

Amaia Arriaga euskararen aldeko lan isil baina etengabearen adibide da. Duela lau hamarkada baino gehiago hasi zen Erandioko Udalean lanean, euskarak instituzioetan ia tokirik ez zuenean.

Hasieran "ni nintzen euskara teknikari bakarra; dena zegoen egiteko", gogoratu du. Lehen urteetan euskara planak, hizkuntza-eskakizunak eta oinarriak eraiki behar izan zituzten, baliabide gutxi zituztela. "Denetarako balio behar izaten genuen", dio. Denboragaz, Udala sendotzen joan zen, eta Arriagak itzulpengintzan aurkitu zuen bere tokia. Barrura begira, langileen euskalduntzean pauso garrantzitsuak eman direla azpimarratu du, azken urteetan epaitegietatik etorritako sententziek kezka sortu dioten arren: "Urteetako lana kolokan ikusten dut".

Itzultzaile lanetik bizi izan duen erronka nagusia Udalaren barruan euskara normaltasunez erabiltzea izan da, bereziki giltzarri diren postuetan. Baina kezka ez da soilik barrukoa; kanpora begira, azkenaldian itzulpen automatikoaren erabilerak euskararen kalitatea okertzen ari dela ohartarazi du, webguneetan eta iragarkietan gero eta nabarmenago.

Udaletik harago, Berbots elkartean egindako lana ere funtsezkoa izan da bere ibilbidean. Erabilera izan dute ardatz, nagusiengan eta kalean, euskaldunak elkartzeko eta euskaraz gozatzeko guneak sortuz: "Gure indargunea beti izan da jendeak euskaraz gozatzeko lekuak sortzea". Era berean, konpromiso horrek lan sindikalera ere eraman du; Arriagarentzat, "hizkuntza-eskubideak eskubide sozialen parte dira", eta euskara zein feminismoa izan dira bere bizitzako ardatz nagusiak.

Hainbat urtez erritmo bizian aritu ondoren, pausoa moteldu du, baina konpromisoari uko egin gabe: "Beste modu batera bada ere, parte hartzen jarraitu nahi dut". Denborak erakutsi dio "euskararen aldeko lana ez dela lasterketa laburra, maratoia baizik". Izan ere, gakoa indarrak zaintzea da, "umorea galdu gabe", bidea elkarregaz egiten jakinda.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun