Adituek kutsadura-maila kezkagarriak hauteman dituzte Erandion

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 26a

Erandiok Espainiako hiri nagusiek baino deposizio atmosferiko handiagoak ditu. © CSIC

CSICeko Pirinioetako Ekologia Institutuko ikertzaile Enrique Navarro eta Jorge Peyren arabera, Erandioko eta inguruko airearen kalitateak kezkarako zantzu argiak erakusten ditu; izan ere, sei urteko ikerketaren ondoren, adituek ohartarazi dute herritarrek arnasten duten kutsadura-maila esanguratsua dela, bereziki partikula finen eta metal astunen presentziagatik.

Azterketaren arabera, PM2.5 partikula finen kontzentrazioak altuak dira bai eremu urbanoan bai industria-inguruan. Hirigunean, balioek gaur egungo urteko muga legalak gainditu dituzte, eta industria-eremuan, formalki araudiaren barruan egon arren, datozen urteetan indarrean sartuko den araudi berriak ezarritako mugak bikoizten dituzte.

Ikertzaileek arreta berezia jarri dute metal astunen presentzian, osasunerako duen arriskuagatik. Haien hitzetan, "Erandioko industria-eremua metal astunen isurien foku zuzena da", eta kutsadura horren zati bat ez da soilik inguru hurbilean metatzen, hirigunera ere hedatzen da. Nabarmendu dutenez, nikelaren, kadmioaren eta berunaren mailak ohikoak baino altuagoak dira, bereziki industria-eremuan, eta horrek kutsatzaileen konbinazio bereziki kezkagarria sortzen du. Adituen esanetan, "nahasketa horren epe luzeko ondorio guztiak oraindik ez daude erabat argituta, baina osasunerako izan dezakeen arrisku potentziala nabarmena da".

Osasunari dagokionez, Navarrok eta Peyrek azaldu dute ezin dela gaixotasun jakin bat zuzenean egotzi, baina bai baieztatu partikula finen eta metal astunen esposizio jarraituak arrisku handiagoa dakarrela, bereziki arnas aparatuko patologiak garatzeko orduan. "Ez gara alarmismoa elikatzera etorri, baina bai prebentzioa lehenestera", azaldu dute.

Ikertzaileek, halaber, azpimarratu dute herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan dela ikerketan. Tokiko elkarteek eta auzotarrek egindako ekarpenek datuak osatzen lagundu dute, eta kutsaduraren benetako neurria hobeto ulertzeko aukera eman dute.

Testuinguru horretan, adituek neurri zehatz eta premiazkoak eskatu dituzte: kutsadura-iturrien kontrol zorrotzagoa, jarraipen-sistema sakonagoak, datuen gardentasun handiagoa eta osasun publikoa babesteko politika eraginkorrak. Haien esanetan, "ebidentzia zientifikoa mahai gainean dago; orain administrazioei dagokie erabaki ausartak hartzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun