Erandioko Udalak airearen kalitatea txarra denik ukatu egin du

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 28a

Asua aldean neurtutako balioak Madril bezalako hiri handietako batez bestekoak baino hamar aldiz handiagoak dira.

Erandioko Udalak herriko airearen kalitatea ez dela txarra adierazi du, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) argitaratutako azken txostenak kontrakoa iradoki arren.

CSICen txostenak dioenez, airean dauden mikro-partikulen eta metal astunen kontzentrazioa oso handia da zenbait gunetan. Zehazki, Asua aldean neurtutako balioak Madril bezalako hiri handietako batez bestekoak baino hamar aldiz handiagoak dira. Gainera, dokumentuak ohartarazten du kutsadura hori inguruko auzoetara ere zabal litekeela.

Udalak, ordea, lasaitasun mezua zabaldu du. Tokiko agintarien esanetan, orain arte jasotako datuak Europako araudiak osasuna babesteko ezarritako mugen barruan daude. Horrez gain, gogorarazi dute Erandio EAEko udalerririk kontrolatuenetarikoa dela airearen kalitateari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren sareko bi neurketa-estazio finko baititu.

Era berean, Udalaren arabera, airearen kalitatea etengabe neurtzen da, eta jarduteko protokolo argiak daude ezarrita. Horien helburua da osasunerako arriskua izan dezakeen edozein egoera antzemanez gero, herritarrei berehala jakinaraztea.

Hala ere, CSICen txostena eskatu zuten auzo-elkarteei erantzunez, Udalak adierazi du dokumentua sakon aztertuko duela. Horretarako, Ingurumen zein Osasun eta Eraldaketa Digitaleko Sailekaz bilera egingo dute, txostenak jasotzen dituen datuak aztertzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun