Aparkalekua Konponbidea koordinakundeak Erandioko udal-gobernuaren "aurreikuspen falta" salatu du

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 14a

Koordinakundeko kideek behin baino gehiagotan salatu dute Udalak ezarritako behin-behineko neurrien egoera "negargarria" dela. © AS-KA

Erandioko hainbat herritarrek osatutako taldeak Aitziber Oliban alkatearen erantzuna kritikatu egin du, eta deitoratu du Udalak ez duela aparkaleku arazoari aurre egiteko "irtenbide integralik". Koordinakundearen arabera, datozen urteetan egoera larriagotu egingo da Altzagako eta Astrabuduko ehunka plaza desagertzen dirnean.

Erandioko Aparkalekua Konponbidea Koordinakundeak ohar bidez erantzun die Aitziber Oliban alkateak bidalitako idatziei. Adierazi dutenez, herritarrek idatziak banaka bidali badituzte ere, ekimena talde baten hausnarketaren emaitza dela. Auzotarren hitzetan, Udalak emandako azalpenek ez dute "mezu lasaigarririk" eskaintzen; aitzitik, udal-gobernuak auzokideen kezkari garrantzia kendu eta haien argudioak "subjektibotzat" jo dituela deitoratu dute.

Koordinakundeak gogorarazi du alkateak berak 2025eko azaroko osoko bilkuran onartu zuela TAO sistemak ez duela aparkaleku berririk sortuko herrian eta bere helburua "auto batzuk kentzea" dela. Herritarren taldearentzat, horrek agerian uzten du Udalak ez duela epe laburreko zein luzeko planik lehendik ere larria den arazoarentzat.

Era berean, salatu dutenez, datozen bi urteetan Altzagako azoka egiten den aparkalekua eta CAESAko behin-behineko aparkalekua desagertu egingo dira. Horri gehitu behar zaio Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planak aurreikusten duena: Astrabuduko eta Altzagako egungo aparkalekuen % 50 gutxienez ezabatzea.

"Hemendik 3-4 urtera egoera askoz okerragoa izango da gobernu-taldearen aurreikuspen falta kontuan hartuta", ohartarazi du koordinakundeak. Taldearen ustez, arazoa konpondu beharrean, Udalaren kudeaketak larriagotu egingo du egoera, ez baitago etorkizuneko proiektu sendorik mahai gainean.

Egoera honen aurrean, Aparkalekua Konponbidea koordinakundeak iragarri du lanean eta bizilagunak kontzientziatzen jarraituko duela. Haien helburua honela laburbildu dute: Erandioko Udalarik irtenbide iraunkorrak biltzen dituen plan integral bat diseinatu eta gauza dezala exijitzea, auzokideen mugikortasun eta aparkatze beharrak bermatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun