Erandioko Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiakaz batera, lan-bilera bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Publikoko arduradunek. Horren helburu nagusia Erandioko airearen kalitateari buruzko datu ofizialak aztertzea izan dela azaldu dute, horien interpretazio zuzena eta osasun publikoaren babesagaz duten lotura argitzea.
Udalak adierazitakoaren arabera, bilera horretan jakinarazi diete batutako datuetatik ondoriozta daiteke kutsatzaileen mailak osasuna babesteko ezarritako muga-balioetatik behera daudela. Gainera, Udalak nabarmendu duenez, Erandioko datuak 2030ean indarrean sartuko den Europako zuzentarau berriaren maila zorrotzenekin ere bat datoz.
CSIC-en ikerketaren inguruko argibideak
Bileran, CSIC-eko (Instituto Pirenaico de Ecología) ikerketa ere aztertu dute. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, mota horretako ikerketak "helburuetarako baliagarriak" izan arren, "ez dira teknikoki egokiak ezta juridikoki erabiliak ere", Europako eta estatuko araudiak ezarritako muga-balioak betetzen direla ebaluatzeko edo biztanleriaren esposizioa zehazteko. Eginkizun horiek, Jaurlaritzaren arabera, sare ofizial akreditatuei dagozkie soilik.
Udalaren esanetan, oinarrizkoa da herritarrei datu publiko eta kontrastatuetan oinarritutako informazio argia eta ulergarria ematea. Horregatik, Udalak berretsi du bere konpromisoa ingurumen-zaintza etengabe hobetzeko eta herritarrak informatuta mantentzeko, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Era berean, Udalak balioetsi egin du ikerketa zientifiko independenteek udalerriko ingurumen-ezagutza zabaltzen laguntzen dutela. Hala ere, azpimarratu dute osasunaren eta ingurumenaren arloan "zorroztasun teknikoa eta neurketa-sistema akreditatuak" direla edozein balorazioren oinarri nagusia.