Bihar irekiko dute berriro CAESAko aparkalekua, dorre elektrikoa kendu ondoren

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 28a

CAESAren lursail ohian kokatutako aparkalekuak 300 ibilgailu ingururentzat lekua eskaintzen du.

Arnasa hartu dute Altzagako bizilagunek; izan ere, azken asteotan kezka iturri izan den dorre elektriko zaharra kendu ondoren, CAESAko behin-behineko aparkalekua berriro irekiko dute bihar, eguaztena.

Azpiegitura horrek kezka handia piztu zuen auzotarren artean. 15 metro inguruko dorrea, erabilerarik gabea, higadura eta korrosio zantzuakaz zegoen, eta jolasgune baten, ohiko igarobide baten eta aparkalekuaren ondoan kokatuta egoteak arriskua areagotzen zuela salatu zuten. Egoera horren aurrean, Erandio Bizirik plataformak Udalari eskatu zion egitura kentzeko, "beharrezkoa ez den arriskua" sortzen zuela iritzita.

Udalak, bere aldetik, adierazi zuen ez zegoela berehalako erortze arriskurik, baina, hala ere, dorrea desmuntatzeko eskatu zion lanen ardura zuen enpresari, segurtasuna bermatzeko asmoz. Azkenean, esku-hartzea gauzatu da, eta horrek ahalbidetu du aparkalekua berriro irekitzea.

Eremu horrek, gainera, garrantzi berezia du auzoarentzat. Izan ere, CAESAren lursail ohian kokatutako aparkalekuak 300 ibilgailu ingururentzat lekua eskaintzen du, eta duela ia urtebete jarri zen martxan Altzagako aparkaleku faltari erantzuteko.

Esku-hartzea aprobetxatuta, sarreran galibo bat ere jarri dute; hemendik aurrera, 2,20 metrotik gorako ibilgailuek ezingo dute sartu. 

Bestalde, dorrea kentzeak eremuaren etorkizuna berriro mahai gainean jarri du. Lursailak gaur egun Viuda de Sanz enpresaren esku daude, eta bertan 350 etxebizitza baino gehiagoko hiri-berroneratze proiektua aurreikusten da, espazio publiko eta jarduera ekonomikorako gune berriakaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun