Elkarrizketak

"Edozein neska* da ongietorria jolastera, pilota bat inoiz ukitu ez badu ere"

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 5a

Punpairezek, Erandion sortu berri den nesken pilota talde herrikoiak, nesken buruz buruko I. pilota txapelketa antolatu du Bekoako frontoian. Taldeko neskek adierazi duten moduan, izena emateko epea dagoeneko zabalik dago; horren helburua pilota sustatzea eta emakumeek frontoian leku hori okupatzea eta bereganatzea izango da. 

Azken urteotan, pilota nahiko modan jarri da berriz; izan ere, herri eta auzo ezberdinetan kirol honen inguruko mugimendu herrikoiak sortzen hasi dira, batez ere gazteriaren artean. Berdin gertatu da Erandion, non pasa den urtean Punpairez nesken pilota talde herrikoi berria sortu zuten.

Punpairezeko neskak nabarmendu duten bezala, 2025eko udan, binakako pilota txapelketa herrikoi bat eta palako beste bat antolatu ziren Erandion, baina bietan emakumeen presentzia oso mugatu izan zen. "Horri tiraka eta aldatzeko ideiarekin, erdi brometan hasi zen neska talde bat sortzearen proposamena. Zabaldu genuen eta taldetxo bat elkartzea lortu genuen. Inolako jakintza eta baliabiderik gabe hasi ginen –eta antzeko darraigu–, baina erabaki genuen ostegunero elkartuko ginela entrenatzeko", azaldu dute. Euren helburua ez zen "pilotaririk onenak izatea", baizik eta leku hori "bereganatzea, disfrutatzea, ondo pasatzea eta datozen belaunaldietara begira hazitxo bat landatzen saiatzea".

"Edozein neska eroso sentitzeko espazio bat sortu nahiko genuke, ahalik eta neska gehien apuntatzeko eta datorren edonork disfrutatzeko"

Aurten ere txapelketa orokorra egingo dela adierazi dute, baina hori zabala izan den arren, eurena egitea ere garrantzitsua ikusi dute. "Pentsatzen genuen neskena bakarrik izanda aukera gehiago egon zitekeela neska gehiago apuntatzeko", azaldu dute, zera gehituz: "Edozein neska eroso sentitzeko espazio bat sortu nahiko genuke, ahalik eta neska gehien apuntatzeko eta datorren edonork disfrutatzeko". Txapelketa bada ere, ohartarazi dute kirol lehiaketa ez dela; berretsi dutenez: "edozein neska* da ongietorria jolastera, pilota bat inoiz ukitu ez badu ere".

Ildo horretan, nabarmendu dute euren inguruko antzeko proiektuetan oraindik gizonen presentzia askoz zabalagoa izaten jarraitzen dela eta emakumeak gehienetan palan ibili egiten direla: "Eskualdean badaude pilota mugimendu herrikoiak martxan: Atxiki Leioan, Goxua txapelketa Algortan… Bigarren honetan badaude zenbait emakume jokatzen ere. Gero eta emakume erreferente gehiago daude kirolean orokorrean eta pilotan zehazki, baina bide luzea dago egiteko oraindik".

Hori guztia dela eta, antolatu duten txapelketagaz, nesken arteko partidek bere lekua izango dute Erandion, eta, hori "pausu handi bat izango da guztiontzat". 

Txapelketan izena emateko epea

Punpairezen adierazi dutenez, partida guztiak Bekoa ikastetxeko frontoian izango dira. Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 15a arte, bost euroko prezioagaz. Behin izen-ematea itxita, apuntatu diren pertsonen kopuruaren arabera, txapelketaren formatua adostuko dutela jakinarazi dute. Txapelketaren finala, ordea, badauka data: abuztuaren 27an.

Txapelketa faseka izango da eta denbora espazio bat esleituko zaio faseetako bakoitzari. Tarte horretan, pilotari bakoitzak bere aurkariagaz partiduak itxi beharko ditu. Lehenengo txapelketa honegaz, disfrutatzeko eta kirola egiteko leku seguru bat lortu nahi dute; frontoia eurena egiteko eta aldarriak ere egiteko bihurtzeko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun