Bi gizon errudun jo dituzte Panaman Eneritz Argintxona erandioztarraren hilketagatik

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 29a

Eneritz Argintxona, 2024an Panaman erail zuten 30 urteko erandioztarra.

Panamako auzitegi batek bi gizon errudun jo ditu Eneritz Argintxona Fraile erandioztarraren hilketagatik eta lapurretagatik. 30 urteko gaztea 2024ko uztailean hil zuten Bocas del Toro artxipelagoan, Karibe aldean, eta auziak oihartzun handia izan zuen bai Panaman, bai Bizkaian. Bi kondenatuek bete beharreko zigorra hurrengo saio judizial batean zehaztuko dute.

Panamako Ministerio Publikoak baieztatu du Bocas del Toroko Fiskaltzak bi akusatuen erantzukizun penala frogatzea lortu duela ahozko epaiketan, 2024ko uztailaren 23an Isla Careneron gertatutakoengatik. Eneritz Argintxona Erdialdeko Amerikan bidaiatzen ari zen Bocas del Torora heldu zenean, Panamako helmuga turistiko ezagunenetako batera.

Gaztea Isla Careneroko ostatu batean zegoen, eta uztailaren 23ko arrastian ikusi zuten azkenekoz bizirik. Harremana galdu ostean, senideek eta lagunek desagerpena salatu zuten, eta bilaketa-operatibo zabala abiatu zuten Poliziak, Babes Zibileko zerbitzuek, Fiskaltzako langileek eta boluntarioek.

Handik hiru egunera, uztailaren 26an, inguruko bizilagunek gorpu bat aurkitu zutela jakinarazi zieten agintariei, Isla Careneroko hondartza batean. Fiskaltzak gero baieztatu zuen Eneritz Argintxona zela, senideen laguntzagaz egindako ADN proben bidez. Autopsiaren arabera, heriotzaren arrazoia garezurreko traumatismoa izan zen, eta hasieratik baztertu zuten istripuaren hipotesia.

Erruduntasun-adierazpenagaz, auzia azken fasera igaro da orain. Panamako justiziak zehaztu beharko du bi kondenatuek zenbateko espetxe-zigorra bete beharko duten hilketa eta lapurreta delituengatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun