Gaur egun, Goiherri Sokatira Taldea 24 emakumek eta 18 gizonek osatzen dute; eta, azken urteetan, nesken parte-hartzea nabarmen hazi da. Enara Bilbao Zarragak eta Irati Corrales Perezek azaldu dutenez, horrek pisu-kategoria ezberdinetan talde lehiakorrak osatzeko aukera eman die. "Adierazgarria da historian zehar gizonak nagusi izan diren kirol honetan, orain neskak gehiago izatea", nabarmendu dute.
Diotenez, hazkunde horrek taldeari dimentsio berria eman dio. Emakume gehiago izateak ez du soilik lehiatzeko aukera gehiago ekarri; taldearen egunerokoan ere eragin du, entrenamenduetan, giroan eta konfiantzan. Neskek azaldu dutenez, sokatiran inor ez da bakarrik nabarmentzen, eta emaitzak talde osoaren lanaren ondorio izaten dira. Horregatik, neska berrien etorrerak ilusioa eta indarra ekarri dizkio Goiherriri, baina baita arduraz lan egiteko beharra ere, talde sendoa osatzeko.

Enararen kasuan, sokatira etxetik datorkio: "Sokatira Goiherriko DNAren parte da". Bere amak, aitak, osabak eta ahizpak kirolagaz lotura izan dute, eta txikitatik tiradak zein munduko txapelketak bizi izan ditu. Iratiren bidea, berriz, bestelakoa izan zen: "Nirea pintxopote baten ondorioa izan zen", dio umorez. Gimnasia erritmikoa utzita, talde-kirol baten bila zebilen, eta Enara eta Bidane lehengusinak sokatiran zebiltzala gogoratuta, lehen entrenamendura joan zen; "eta gaur arte".
Denboraldi honetan, emakumezkoen taldearen ibilbidea "oso progresiboa eta egokia" izan dela diote. Neska berri asko batu dira, eta horrek taldeari "kriston giroa" eta freskotasuna ekarri dizkio.
Hala ere, maila ezberdinetako tiralariak batzea erronka handia izan dela azaldu dute: konpromisoa, entrenamenduak eta taldearen sendotzea izan dira gakoak, eta lan horren emaitza Laukizen heldu zen, 500 kiloko mailako Euskal Herriko txapela irabazita.
Gogoratu dutenez, finala tentsio handikoa izan zen, azken tiradara berdinduta heldu baitziren. Lehen aldea erabakigarritzat jo dute: "Taldea eroso sentitu zen, tirada une oro kontrolpean izan genuen eta indartsu egon ginen". Bigarren aldean ere aurkariek gogor eutsi zieten, baina Goiherrik ez zuen pauso bakar bat ere galdu, harik eta epaileen txistuek eta harmailako zaratak txapeldun zirela baieztatu zuten arte.
Kanpotik indarra dirudien arren, sokatira "oso kirol teknikoa" dela azpimarratu dute. Hanketako indarra, gorputzaren jarrera, presioaren kontrola eta koordinazioa ezinbestekoak dira. "Taldeak bloke bakar baten moduan funtzionatu behar du", azaldu dute. Orain, begirada Hego Afrikan dute: hurrengo erronka irailean Mossel Boyen jokatuko den munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatzea izango dute.