LAB sindikatuaren laguntzagaz, euren etxebizitzen jabe berriak, Mosaic Propco sozietateak, indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeari uko egin diola salatu zuten; horren ondorioz, alokairuan bizi diren 120 familia baino gehiago euren etxebizitzak galtzeko arriskuan daudela ohartarazi dute.
Horren aurrean, bizilagunek azaldu dutenez, zenbait maizterri bi aukera nagusi planteatu ditu: etxebizitza erostea, gutxi gorabehera 300.000 euroen truke; edo kontratua amaitu aurretik etxebizitza uztea, 12.000 eta 15.000 euro arteko ordaina jasoz. Baina bizilagunek eta LABek salatu dutenez, Mosaic-ek ez ditu hainbat alokairu-kontratu berritu nahi horiek amaitzen direnean; eta, era berean, maizter askorentzat etxebizitzak ordainezina den prezioan saldu nahi dituela salatu dute.

Hori dela eta, bizilagunen aldarrikapen nagusia alokairu-kontratuak berritzea eta errentak euren diru-sarreretara egokitzea da; hau da, Mosaic Propco enpresagaz negoziazio kolektiboa irekitzea eta gaur egungo maizterren diru-sarreragaz bateragarriak diren kontratu berriak adostea.
Bestalde, Udalari Erandio gune tentsionatu izendatzeko prozesua azkartzeko eskatu diote. Euren arabera, izendapen horri lotutako luzapena baliatu ahal izango lukete, eta, hartara, Mosaic Propogaz negoziatzeko denbora izango lukete kaleratze-mehatxua tartean egon barik.
Gainera, bizilagunek eta LAB sindikatuak Udalari eta Eusko Jaurlaritzari gatazkan bitartekari gisa jarduteko eskatu diete, Mosaic eta bizilagunak negoziazio-mahai batera eramateko. Epe luzerako irtenbide gisa, Los Ochoseko etxebizitzak jabetza publikora pasatzea eta alokairu publikoaren parkean sartzea proposatzen dute.
Orain, erakundeen eta enpresaren erantzunaren zain daude, baina presioa handitzeko helburuagaz, irailaren 24an, 19:30ean, manifestazioa egingo dute Los Ochos plazatik abiatuta.