Kultura 2011-03-03 19:56

Asier Azpirozek jantzi du Abra Sariaren txapela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Asier Azpiroz bertsolari zubietarrak irabazi zuen pasa den ostiralean Euskal Herriko bertsolari gazteentzako Abra Sariaren hamargarren edizioa (mp3). Algortako Ugartena jatetxea lepoz bete zuten dozenaka bertsozalek eta haien aurrean sendoen agertu zen zubietarra. Dena den, txapela nork jantziko zueneko zalantza azken unera arte mantendu zen, buruz burukoan Azpirozek lehia bizia eta umoretsua izan baitzuen ordezkari lokalarekin, Imanol Uria Albizuri algortarrarekin. Zalantza sentipen hori izan zen, gainera, kartzela ariketan Algortako Bertsolari Eskolako antolatzaileek jarritako gaia. Azpirozek txapela eta abraki ikurra jazo zituen Trino Azkoitia eskolako fundatzailearen eskuetatik. Bere atzean, Imanol Uria, Ainhoa Mujika eta Iñaki Aleman izan ziren, guztiek maila aberatsa erakutsi zutela. Bertso taldea Eneko Arratek eta Ainhoa Comasek osatu zuten, sariketan zehar estu ibili zirenak. Argazkian, Imanol Uria eta Asier Azpiroz.
Aurreko edizioak

Jon Sarasua, Jesus Mari Irazu, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Estitxu Arozena pasatu ziren lehenengo urteetan Abra jaialdiaren oholtzatik. Hasiera batean udaberriko bertso-jaialdia izan bazen ere, 2002an sariketa bihurtu zuen ALBEk. Geroztik, Nerea Elustondo, Jon Martin, Xabier Paya, Ohiana Bartra, Maddalen Arzallus, Jone Uria eta orain Asier Azpirozek bete dute Abra sariko txapeldunen zerrenda. Euskal Herri osoko bertsolari gazteekin gauzatzen ohi dute kartela, 19 eta 22 urte bitartekoak izaten direla beti. Horrezkero, 60tik gora bertsolari gazte pasatu dira Abra Sariaren taulatik. Aurtengo berrikuntza, berriz, afari formatua izan da.

Abra Sariko hamargarren edizioa osorik

Sakatu hasteko


Abra Sariko hamargarren edizioa argazkitan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa