Adiorik ez, gero arte baino!

Krisialdiak gizarte laguntzen beharra handitu du Getxon

Motxiladunen turismoa erakarri nahi du Getxoko PSE-EEk

Gizonezko bat larri zauritu da Berango parean izandako auto-istripuan
Gaur goizean 34 urteko gizonezko bat larri zauritu da Getxon izandako auto-istripuan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, 07:00etan gertatu da ez beharra BI-637 errepideko Berangoko irteeran, Sopelarako noranzkoan. Citroen ZX autoa errepidetik atera da eta hormigoizko heziaren kontra jo du. Ondorioz, suhiltzaile eta sanitarioek erreskatatu behar izan dute gidaria eta, ondoren, anbulantzian eraman dute Gurutzetako ospitalera. Gainera, bideko errailetako bat moztu behar izan dute ertzainek eta trafikoa bideratu 09:15ak arte. Bestalde, herenegun, larunbatean, bi neskak zauri arinak pairatu zituzten errepide berean, Erandioko udalerrian, izandako beste istripu batean. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.
Droga-trafikoa egotzita atxilotua Sopelan
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean, Sopelan, osasun publikoaren kontrako delitua egin izana egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, etxebizitza bateko eta txoko bateko miaketetan, kilo eta erdi speed, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Gainera, legez kanpoko arma elektriko bat eta sei mila euro konfiskatu ei zizkioten gizonezkoari. Operazioa ostegunean izan zen, goizeko bederatziak inguru. Izan ere, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon batek drogarekin trafikatzen zuela etxean eta txoko batean. Ertzainek bi lekuak miatu zituzten, jabearen baimenaz. Etxeko izozkailuan, gutxi gorabehera kilogramo bat speed zuen poltsa bat aurkitu zuten. Beste gela batzuetan, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Susmagarria txokoan aurkitu zuten eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten. Txokoan, gainera, beste kilo erdi speed, sei mila euro inguru eta legez kanpoko arma elektriko bat aurkitu zituzten. Argazkian, Ertzaintzak aurkitutakoak aurreko operazio batean / © Segurtasun Saila.
Urte Berriari kantaldi ibiltariarekin ongi etorria emango diote Barrikan

Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bilketa hasiko da urtarrilean
Nuyum elkarte sopeloztarra Sahararekin elkartasunez antolatzen den XI. Euskal Karabanan lanean hasi da, Sopelako Udalak jakinarazi duenez. Eta aurreko urteetan bezala, behar-beharrezkoak diren elikagaiak eta higiene gaiak jasotzen hasiko dira: arroza, pasta, atuna, sardinak, azukrea, konpresak, eta abar. Batzen diren jaki eta gai guztiak Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetan (Aljeria) dagoen saharar herriari bideratuko da. Urtarrilean zehar Uribe Kostako ikastetxeetan, enpresetan eta merkataritza guneetan produktuak jasoko dira. Edozein pertsona, enpresa eta eragilek parte har dezake. Informazio gehiagorako 695 788 185 telefonora dei dezake. Nuyum-en helburua Saharako herriari sostengua ematea da, orain 38 urte hasitako borrokarekin bat eginez. Izan ere, Saharak autodeterminaziorako eskubide osoa du, eta kanpamenduak erresistentzia baketsu eta nekaezin horren isla dira. Argazkian, udan eskualdera heldutako Saharako umeak, artxiboko irudian.
Sopelako udal aurrekontuak abenduaren 30eko osoko bilkuran bozkatuko dira

Romo ikastetxean aparkatu ahal izango da Gabon Zaharrean
Gabonetako jaietan aparkatzeko izan ohi diren arazoak kontutan hartuta, joan den abenduaren 24an eta 25ean egin bezala, salbuespenezko neurri moduan, Romo herri ikastetxeko jolastokia aparkaleku publiko gisa erabiltzea baimendu zuen Getxoko Udalak. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean ere gauza bera egitea erabaki du. Jolastokia aparkaleku bezala erabiltzeko ordutegia honako hau izango da: asteazkenetik, abenduak 31, 16:00etatik ostegunera, urtarrilak 1, 22:00ak arte. Aparkaleku bezala erabiltzeko ordutegia amaituta, aipatu jolastokitik atera ez diren autoak kendu egingo ditu garabiak, tokiko iturriek ohartarazi dutenez. "Erabaki hau esperientzia pilotu gisa eta Itzubaltzeta / Romoko Auzo Elkarteak egindako eskaera eginez geroztik hartu da", azaldu dute Udaletik. Argazkian, udaltzain bat Romo ikastetxe inguruan.
Gabon Zahar gauean zerbitzu berezia emango du metroak
Metro Bilbao hamalaugarren urtez ibiliko da Gabon Zahar gauean eta hamar minuturo egongo dira trenak ordu jendetsuenetan. Asteazkenean, hilaren 31n, azken konboiak ondoko orduetan irtengo dira: 20:40an Plentziatik Etxebarrira; 20:53an Kabiezestik Basaurira; 20:51ean Basauritik Kabiezesra eta 21:03an Etxebarritik Plentziara. Urteberrian, berriz, 01:00etan hasita, goizaldeko 3:00ak arte, trenak hamar minuturo ibiliko dira Etxebarri eta Bidezabal zein Basauri eta Kabiezes artean eta 30 minuturo Plentziara. Goizaldeko 3:00ak eta 6:00ak bitartean, maiztasuna hogei minutukoa izango da linea guztietan. Halaber, 6:00etatik 9:00ak arte, trenak hamar minuturo ibiliko dira Etxebarri eta Bidezabal zein Basauri eta Kabiezes artean eta 20 minuturo Etxebarritik Plentziara. Argazkian, hainbat bidaiari metroan sartzen.