Emakume Langileen Nazioarteko Eguna

Astebeteko egitaraua prestatu dute Getxon martxoaren 8aren harira

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 6a, 18:54

Martxoaren 8an manifestazioa egingo dute Algortan San Nikolas enparantzatik abiatuta.

Urtero legez, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi ugari egingo dituzte Getxon. Egun hori ospatzeko, Getxoko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak eta herriko hainbat emakume taldek ia astebeteko egitaraua prestatu dute. Lehenengo hitzordua gaur izango da, barikuan; Bilboko Guggenheim museora joateko bisita gidatua antolatu dute: Niki de Saint Phalle artista feministaren erakusketara.

Bihar, hilak 7, "Las Lisystratas" antzezlana egongo da ikusgai Areetako Andres Isasi eskolan, 19:00etan, hiru euroren truke.

Martxoaren 8an, domeka, bi hitzordu egingo dituzte, Algortan eta Itzubaltzeta/Romon. Lehenengoan, Bilgune Feminista, Ernai, Haziak eta Mujeres con Voz emakume taldeek 11:00etan hasiko dute eguna San Nikolas enparantzan. Bertan zaintzaren inguruan eztabaidatuko dute; ondoren, 12:30ean txokolateagaz eztarriak berotuko dituzte eta 13:00ak aldera manifestazioa abiatuko dute San Nikolas enparantzatik, Algortako kaleetan emakumeen parekidetasuna aldarrikatzeko. Ordu berean, Itzubaltzetako emakumeon asanbladak kontzentrazioa deitu du Areetako Xake plazan.

Martxoaren 9an, astelehena, berriz, “Berdintasuna hazi eta hezi” izeneko mahai-ingurua egingo dute Algortako Villamonte kultur etxean, 18:30ean. Hurrengo egunean, martitzenean, “Trilogia del Baztan. Las sombras de la maternidad” inguruko hitzaldia egingo dute Josune Muñoz literatura kritikariagaz. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Villamonte kultur etxean.

Azkenik, eguenean, hilak 12, "Emakumeak kontatzen" ipuin-kontaketa egingo dute euskaraz, Apikagaz. Interesatuek 18:00etan hurbildu beharko dute Villamonte kultur etxera.

Aurten, gainera, Udalak hezkidetza areago zabaldu gura du, ikastetxe batzuekin batera, haien esperientzietan aurkitzen dituzten eragozpenak eta erronkak azaltzeko. Udalaren aburuz, hezkuntzan “emakumeen eta gizonen berdintasunerantz” aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik “bide luzea” dago egiteko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun