Garbitzaileen greba Getxon

Getxoko garbitzaileak: "gure eskariak bete arte borrokan jarraituko dugu"

Getxoko garbitzaileek greba mugagabearen balantzea egin dute udaletxearen aurrean.

Gaur, astelehenagaz, Getxoko kale-garbitzaileek eta hondakin-biltzaileek 15 egun bete dituzte greba mugagabean; bi aste “enpleguaren eta duintasunaren alde borrokan”. Hori horrela, denbora tarte horren balantzea egin dute goizean prentsaurreko batean, udaletxearen aurrean. Getxoko Udalak, halaber, inplikatutako alderdi guztien arteko premiazko batzarra deitzea eta egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Lana eta Gizarte Segurantzako Ordezkaritzari. Udal agintariek bilera bihar bertan egitea espero dute, “egoera aztertu eta enpresa eta beharginen artean akordioa lortzeko bidean aurrera egiteko”.

Gaur, hilak 23, Getxoko garbitzaileek barkamenak eskatu diete udalerriko auzotarrei grebak eragindako kalteak direla eta: “sentitzen dugu, benetan. Greba egitea ez da gure gustuko zerbait, baina daukagun alternatiba bakarra da”. Gogorarazi dutenez, Cespa eta Asaserrek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) “enplegua suntsitu eta hitzarmenean jasotako lan baldintzak bertan behera uztea” planteatu zuen. Horren aurrean hainbat negoziazio saiakera egin arren, utzi dieten “alternatiba bakarra” greba izan dela azaldu dute.

Era berean, Cespa eta Asaser enpresei gogoratu diete eskatzen dabiltzan bakarra “gurea dena, dagokiguna” dela. Sinatutako hitzarmeneko edukiak errespetatzea exijitu dute: “erretiroa hartzen dutenen enpleguak betetzea, KPI igoerak aplikatzea soldatetan eta gainerako baldintzak errespetatzea”. Izan ere, jakinarazi dutenez, jada 6 langilek hartu dute erretiroa, eta 2015ean zehar 9 gehiagok hartuko dute. Halaber, bestelako alternatibak aurkezteko eskatu diote enpresari. Hori lortu ezean, “borrokan” jarraituko dutela ohartarazi dute.

Langileek Udala ere izan dute gogoan: “Gatazka hau zuena ere bada, ez ezazue beste aldera begiratu”. Udalerria garbi egon dadin euren “ahalegin eta denbora emateko” prest daude, “baina ez ezazue pentsa lan berdina behargin gutxiagorekin eta lan baldintza okerragoetan egingo dugunik”. Udalari, eta espresuki Imanol Landa alkateari, “gatazka desblokeatzea” exijitu diote.

Azkenik, langileek euren grebarako eskubidea errespetatu dezatela eskatu dute, “oinarrizko eskubidea da greba, eta eskirolajea sustatzeari uzteko eskatzen dizuegu”. Enpresak eta Udalak Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak ez dituztela bete salatu dute. Era berean, greban daudenak egin beharko lituzketen funtzioak betetzeko kanpoko enpresa bat kontratatu izana, dekretuak finkatutako herriaren eremuko zatiketa ez errespetatzea eta gutxieneko zerbitzuak betetzeko izendatutako beharginei dekretuak jasotakoak baino funtzio gehiago betetzea exijitu izana salatu dute langileek. “Guzti hori greba desorekatzeko helburuagaz egin duzue. Helburu berdina duzuela erakusten du horrek; Cespa-Asaserrek Udalari so baitago, eta Udalak Cespa-Asaserri so”.

EH Bilduk zuzeneko eta urgentziazko parte hartzea eskatu dio alkateari

Getxoko EH Bilduk "oso larria" deritzo Gobernu Taldeak "zaborren gatazkan hartzen dabilen utzikeria eta jarrera pasiboa". Koalizio ezkertiarrak azaldu duenez, herritarren, merkatarien eta ostalarien eguneroko bizitzan zein hondakin-bilketako langileen familia ekonomian "larriki eragiten ari den gatazka" da aipatutako greba mugagabea. Hori dela eta, alkateari exijitu diote bilera bat deitzea konponbide bat lortze aldera, udal baliabide guztiak jartzea greba-eskubidea bermatzeko eta hondakinen kudeaketaz eta kale-garbiketaz arduratzen ari den enpresari ikuskaritza egite, besteak beste.

Guzti horren aurrean, Getxoko Udalak langileen eta enpresaren arteko negoziazioak berrabiatzeko eskatu du: “aurrekoetan egin bezala, negoziazio kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, auzia konpontzeko eredu gisa”. Halaber, Udalak bilketak egiteko honako egunak zehaztu ditu:

"Hondakin organikoak" (sic):

Astelehen, eguazten, bariku eta domeketan: Areeta, Itzubaltzeta / Romo eta Neguri-Algorta trenbidetik hondartzarantz.

Martitzen, eguen eta zapatuetan: Neguri-Algorta trenbidetik ibairantz, Andra Mari eta estratak.

Ontziak:

Eguazten eta domeketan.

Papera eta kartoiak:

Eguazten eta domeketan

Tamaina handiko hondakinak:

Eguaztenetan (aldez aurretik 944 644 380 telefono zenbakira deitu).

Saltokiak:

Martitzen, eguen eta zapatuetan.