Bi auzokide horien kontrako prozesuak urtarrilaren 12an hasi behar zuen, baina egun horretan euskal abokatuen kontrako "sarekada" izan zen eta epaileak epaiketa maiatzera arte atzeratzea erabaki zuen.
Gauzak horrela, hilaren 18an eta 19an izango da Atxabal eta Moreno algortarren kontrako epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Gazte horiei desordena publikoak, desobedientzia eta agintaritzari eraso egitea leporatzen dizkiete, 2008an Durangon Herri Batasunaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu ostean jazotako gertakariei lotutakoak. Hori dela eta, Fiskaltzak 2 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du gazte bientzat. Guztira, 9 pertsona daude auzipetuta kasu horretan. Halaber, Morenok beste auzi bat du zain maiatzaren 28an eta 29an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2013. urtean Urduñan ospatutako Gazte Danbada jaialdian Xabier Lopez Peña euskal preso hilberria gogoan izateagatik terrorismoa goratzea leporatzen diote, beste zortzi laguni bezala. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu dute Morenorentzat.