Atxilotutako gazteei elkartasuna emateko eskatu dute Areetako batzokian

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 18a, 23:55

Libre zaleak Areetako Ondarreta batzokiaren aurrean.

Ertzaintzak gaur goizean atxilotutako Getxoko gazte biri zein ospitaleratu duten udalerri bereko mutilari elkartasuna adierazi diezaien eskatu diote EAJri 180 bat lagunek Areetako batzokian.

Arratsaldeko 20:30ak aldera, Libre ekimeneko jende multzo handi bat batu da Areetako Bidebarrieta kalean, Ondarreta batzokiaren aurreko bi espaloietan, "atxilotuak askatu" aldarrien artean. Haietako bospasei lagun sartu dira EAJren egoitzako patioan, eta bertara atera da alderdi jeltzaleko Uri Buru Batzarreko kide bat, beste afiliatu batez lagunduta, bertaratutakoen iskanbilaren arrazoia ezagutzeko. Tentsioko uneak izan dira, baina inork ez du hitz bat bestea baino altuago esan.

Libre ekimeneko kideek Imanol Landa Getxoko alkateagaz, Udaleko zinegotziren bategaz edo EAJren arduradunaren bategaz hitz egitea eskatu dute, goizean Gasteizko Herri Harresian Ertzaintzak atxilotutako Jon Arako eta Pablo Perez gazte itzubaltzetarrengatik kezka adierazi eta haiek askatzen lagun dezaten. Libreko partaideen ustez, Getxoko arduradun politikoek "auzokideen eskubide zibil eta politikoak bermatzeko kezka" agertu beharko lukete eta, gainera, Ertzaintza "EAJren menpe" dagoela ziurtatuz jeltzaleei leporatu diete goizean poliziak ekimen bakezalearen aurka oldartu izana. Jelkideek ukatu dute Polizia autonomikoan esku hartzerik izatea eta azaldu diete Landa, zinegotziak eta arduradun politikoak ez zirela bertan. Era berean uko egin diote horiek deitzeari, "gure ahalmenetatik kanpo" dagoela argudiatuta. Halere, Libreko kideen telefono zenbakiak hartzeko prest agertu dira, baina horiek ez dituzte eman gura izan. Azkenean, idatzitako gutuna eman diete jelkideei, alkateari helarazi diezaioten.

Eztabaida batzokiaren patioan ematen zen bitartean, Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak 14 agente bertaratu dituzte. Azkenean, ertzainek Libre ekimeneko gazte bat identifikatu dute, 20:50ak aldera.

Protesta 50 bat minutu lehenago hasi da, bi atxilotuak askatzeko manifestazio bat Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik irten denean, "Atxilotuak askatu. Gora Herri Harresia. Stop Polizia-inpunitateari eta -basakeriari" goiburupean. Besteak beste, Roberto Martin Getxoko Bilduren zinegotziak eta Oier Iturralde EH Bilduren hautagaiak parte hartu dute martxan. Herritik bira eman ostean, manifestariek amaiera jarri diote ibilbideari Areetako Xake plazan. Pankarta tolestu ostean, asanblada txiki bat egin dute bertan gazteen egoera azaltzeko. Orduan, bertaratutakoek erabaki dute Areetako batzokira joatea, "atxilotuen aldeko konpromisoak eskatzera".

Batzokiko ekimenaren ostean Libreko kideek baieztatu dutenez, atxilotuetako bat daborduko kalean da eta litekeena da besteak gaua ziegan pasatzea. Ospitaleratutako gazteari dagokionez, kalera irten da, ezkerreko eskua igeltsatuta eskafoidea apurtu baitiote.

Libre ekimenak Imanol Landari zuzendutako gutuna, hitzez-hitz

Imanol Landari, Getxoko alkateari;

Orain bi aste, Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako 7 gazteetatik 4 atxilotu zituen Ertzaintzak, epaia publiko egin aurretik. Beste hirurek atxiloketa ekidin zuten, eta atzo, igandea, Gasteizen antolatutako Herri Harresiaren babespean azaldu ziren.

Milaka lagunek osatutako martxa laranjaren ostean, ehunka gaztek Herri Harresia osatu zuten epai bidegabe hau salatu eta epaiketa politikoen amaiera aldarrikatzeko. Desobedientzia zibilaren bidez, modu baketsuan, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanen atxiloketa saihestu asmo zuten.

Gaur, 2015eko maiatzaren 18an, goizeko 9:00etan, aipatutako Herri Harresia desegin eta hiru gazteak atxilotzera abiatu da Ertzaintza. Gazteek agertutako jarrera baketsuaren aurrean, Ertzaintza bortizkeria neurrigabeaz aritu da, Aiala, Igarki eta Ibon atxilotuz. Horrez gain, beste hamar gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, eta 70 zauritu baino gehiago eragin. Atxilotuen artean aurkitzen dira auzokide ditugun Jon Arako eta Pablo Perez, eta Kepa Zubizarreta, aldiz, ospitaleratu behar izan dute jasotako jipoiaren ondorioz.

Gertakari larri horien aurrean, honakoa eskatzen dizugu Getxoko hainbat auzokidek:

  • Ertzaintzak Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan eta inguruko kaleetan erabilitako indarkeria eta neurrigabetasuna publikoki salatzea.
  • Auzokide ditugun hiru gazteoi ordezkatzen duzun Getxoko Udalaren elkartasuna adieraztea.
  • Epaiketa politikoen aurkako jarrera agertzea.

Gaiak duen larritasunagatik, publikoki berehalako erantzuna ematea eskatzen dizugu.

Adeitasunez.

Itzubaltzeta / Romoko LIBRE

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun