Romo ikastetxean egingo dute astelehenean Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketa

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 29a, 19:35

Azken aldian, zalaparta handia sortzen dabil Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketa. Orain arte 4. mailan egin izan da ebaluazio diagnostiko hori. Hala, bertoko langileetako batek HIRUKAri jakinarazi dionez, astelehenean Itzubaltzetako Romo ikastetxean egingo dute Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketa; "guraso asko kexatu dira eta ez dituzte umeak ekarriko", gaineratu duenez. Besteak beste, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) azterketa hauetan parte ez hartzera deitu du, "justifikaziorik gabeko LOMCEren aplikazio argia delako eta seme-alabentzat inolako eragin akademikorik edukiko ez duelako".

EHIGEk dioenez, "idazketa honek ez du inolako justifikazio pedagogikorik eta hankaz gora ipiniko du orain arte egindako lan guztia froga diagnostikoagaz, ez baitugu aukerarik izango aurreko ikasturteetako emaitzekin konparaketak egin eta hobekuntza planak ezartzeko. Are gehiago, ziklokako antolaketa apurtuko du lehen hezkuntzan". Bere aldetik, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak gaur bertan ukatu du probak LOMCE Legeagaz loturarik izatea: "Eusko Jaurlaritza LOMCEren aurka dago; hainbatetan esan dugu" azaldu dio Uriartek Belen Arrondo EH Bilduren legebiltzarkideari Gasteizko parlamentuan. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketa hori Heziberri eta "hezkuntza sistemaren hobekuntzarekin" lotuta dagoela azaldu du.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun