Getxoko Udaleko zinegotzien eta aholkularien soldatak adostu dituzte, EAJ, PP eta PSEren babesagaz

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 1a, 13:04

2015-2019 legegintzaldirako zinegotzien, aholkularien eta administrarien giza baliabideen proposamena eta soldatak mantentzea onartu zuen atzo arrastian Getxoko Udalbatzak, EAJ, PP eta PSE-EEren aldeko botoakaz. GUK eta EH Bildu horren kontra agertu ziren, eta Ciudadanos abstenitu egin zen. Ezarritako zinegotzien liberazioen kopurua ez dela proportzionala eta ordainsariak "neurriz kanpokoak" direla salatu zuten GUK eta EH Bildu taldeek.

EAJren Gobernu taldeak erabateko arduraldiagaz egongo den zinegotzi bat gutxiago izango du (9 zinegotzietatik 7; 2011n 10etatik 9 izan ziren). Era berean, Gobernu Batzordeko zinegotzien eta talde politikoetako bozeramaileen soldatak mantentzea adostu zuten: 66.122 euro. Alkateak, berriz, 78.237 euroko soldata izango du, aurreko legealdian baino 1.140,19 euro gutxiago. Bestelako zinegotzien soldata 51.984 eurokoa izango da, eta 25.992 eurokoa %50eko jardunaldia duten zinegotziena. Halaber, alderdi bi berri egon arren, aholkulari bat gehiago (7) egongo da eta administrari postu bat eta erdi gehiago (6,5). Getxoko Udalak azaltzen duenez, onartutako proposamena “legeak ezarritako erabateko arduraldien kopurutik (15) behera dago, 14 zinegotzik edukiko baitute erabateko arduraldia”. Horren aurrean, GUK eta EH Bildu taldeek ezarritako zinegotzien liberazioen kopurua ez dela proportzionala salatu zuten.

EH Bilduk, bere aldetik, hiru emendakin aurkeztu zituen, denak bertan behera utzi zituztenak. Lehenengoagaz bost informazio batzorde osatzea eskatu zuen, proposatutako lauen ordez, parte hartzen den batzordeen kopuruaren arabera egun indarrean dagoen ordainsarien sistema aldatzeko aurkezteagaz batera. Era berean, alkatetzaren eta talde politikoen aholkulariak eta alkatetzaren idazkaria kentzea eskatu zuen koalizio abertzaleak, eta idazkaritzako sei lanpostu uzteko, talde politiko bakoitzeko bat, eskatu zuen, “Udalak zeregin horietarako berezko giza-baliabideak dituelako”. Horrez gainera, hirugarren emendakin bat aurkeztu zuen liberatutako zinegotzien kopurua murrizteko, “politikariak herritarren zerbitzurako daudelako, ez aberasteko, eta ez dugu beren profesionalizatzea beharrezkotzat jotzen”.

EH Bilduk zabaldu duenez, aurkeztutako proposamena onartuz gero, Udalak 857.633 euro aurreztuko lituzke urtean, hau da, 3.430.531 euro agintaldi osoan.

GUK-ek ere hiru emendakin aurkeztu zituen, baina atzera bota zituzten hirurak. Bata alkatetzaren hiru aholkulari kentzea eskatzeko izan zen, “Gobernu taldeak teknikari eta funtzionario adituen talde bat duelako”. Bigarrena, zinegotzien soldataren murrizketa eskatzeko, gastuaren %50 aurrezteko helburuari jarraituz; eta, GUK-ek uste duenez beste korporazioren batean lan egiten duten pertsonek ezin dutela erabateko arduraldia eduki, gehienez zatiko arduraldiko zinegotzi baten liberazioa izatea eskatzeko aurkeztu zuen hirugarren emendakina.

Udalbatzan onartutako ordainsarien banaketa "neurriz kanpokoa" jo dute GUK eta EH Bildu taldeek, "urtero 2 milioi euroko gastuak izango dute, eta kopuru horretatik, EAJk ia %50 jasoko du, hautestontzietan %34,09 jaso zuen bitartean", salatu du GUK-ek.

PPk, bere aldetik, “zentzuzkoa” hartu zuen EAJgaz lortu duen hitzarmena, “80.000 biztanle baino gehiago dituen udal batek era egokian lan egiteko pertsonak edukitzea eta gobernua fiskalizatzea zentzuzkotzat jotzen dugu”.

Adostutako zinegotzien soldatak “EUDELek ezarritakoaren ildotik” doazela azaldu zuten jeltzaleek.

Atzoko osoko bilkuraren audioa:

Arloak eta arduradunak

Osoko bilkuran arloen arduradunen izendapenaren eta horien barruko zerbitzuen berri eman zen.

  • Hirigintza, Obra, Zerbitzu, Ondare eta Etxebizitza Arloa: Joseba Arregi.
  • Lehendakaritza Arloa (Zerbitzu Orokorrak, Udaltzaingoa, Babes zibila Kale publikoa eta Ingurumena): Keltse Eiguren.
  • Gizarte Zerbitzuetako eta parte-hartze komunitariorako Arloa: Elena Coria.
  • Kultura, Euskara eta Gazteria Arloa: Koldo Iturbe.
  • Ogasun, Ekonomia-Sustapen eta Giza Baliabideetako Arloa: Ignacio Uriarte.
  • Komunikazio, Herritarren Arreta, Gardentasuna eta Hiritarren partaidetzarako Arloa: Amaia Agirre.
  • Kontratazio, informazio sistemak eta kirol Arloa: Alvaro Gonzalez.
  • Kalitate Zerbitzua (Ogasun Arlora atxikitakoa): Amaia Aguirre.
  • Berdintasuna Zerbitzua, (Gizarte Zerbitzuetako eta parte-hartze komunitariorako Arlora atxikitakoa) eta Irakaskuntza Zerbitzua, (Gizarte Zerbitzuetako eta parte-hartze komunitariorako Arlora atxikitakoa): Keltse Eiguren.
  • Garapenerako Lankidetza Zerbitzua, (Gizarte Zerbitzuetako eta parte-hartze komunitariorako Arlora atxikitakoa), Turismo Zerbitzua, (Ogasun Arlora atxikitakoa), Gazteria Zerbitzua, (Kultura, Euskara eta Gazteria arlora atxikitakoa) : Irantzu Uriarte.

Erakunde autonomoetako presidenteak

  • Getxo Kirolak: Alvaro Gonzalez Perez
  • Kultur Etxea: Koldo Iturbe Mendilibar
  • Andres Isasi Musika Eskola: Koldo Iturbe Mendilibar
  • Jesusen Bihotzaren Udal Egoitza: Elena Coria Yanguas.

Osoko bilkurak eguaztenetan, 16:00etan, izango dira

Atzoko saioan, ohiko osoko bilkuren eguna aldatzea adostu zuten aho batez alderdiek, eta ondorioz, hemendik aurrera, hilabete bakoitzeko azken eguaztenetan, 16:00etan, izango da, martitzenetan, 17:00etan, izan beharrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun