Hasiera batean, biharko mobilizazioa barikuan Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal preso politikoen sakabanaketagaz amaitu eta Euskal Herriratzeko egindako eskaeraren erantzunaren harira deituta zegoen. Hala ere, atzoko atxiloketak direla eta, Getxoko ezker abertzaleak deialdia moldatu du.
Getxoko Sortuk barikuko bilkuraren harira zabaldutako oharra:
Ostiralean, irailak 25, Espainiako Auzitegi Nazionalak bilkura egingo du euskal preso politikoek sakabanaketa amaitu eta Euskal Herriratzeko egindako eskaerari erantzuteko. Eskaerari kasu egin ala ez erabaki beharko du Auzitegi Nazionalak.
EPPK-k 2013ko abenduan kaleratutako hausnarketan herritarrei, instituzioei, eragile sozial eta alderdi politikoei dei egin zigun prozesu integral baten barruan Kolektiboko izaera eta duintasun politikoa zalantzan jarriko ez duen etxeratzea eman zedin adostasun zabala bilatzeko.
EPPKk ez dio bere ardurari bizkarrik eman, gatazkan legez konponbidean ere aktore aktibo eta eraginkor izateko konpromisoa erakutsiz. Eta guri kaletik, instituzioetatik, edozein esparru eta forotik beraien konpromisoa babestea tokatzen zaigu, babes politiko eta soziala emanez eta kaleko sostengua eskainiz, elkartasun afektibo eta ekonomikoa helaraziz.
PPrentzat lehentasunezkoa izaten jarraitzen du salbuespenezko neurrietan oinarritzen den espetxe politikari eustea. Izan ere, espetxe politika da bere tresna nagusia Euskal Herriak konponbidearen bidean aurrera egin ez dezan. Horren adierazle, ETAk borroka armatua amaitutzat jo zuenetik lau urte igaro direnean, espetxeetako egoerak okerrera egin du.
Zigorrak luzatzen ari dira faktuzko biziarteko zigorra ezarriz; sakabanaketaren bitartez, erruleta errusiarrera kondenatzen ditu PPk astebururo senideak; larriki gaixo diren pertsonak preso mantentzen jarraitzen dute... hauxe da espetxeetako egoeraren erradiografia.
Testuinguru horretan dator Espainiako Auzitegi Nazionalaren barikuko bilkura, eta pentsa daiteke erabakia aldez aurretik idatzia dagoela Madrilgo Gobernuaren eskutik, alegia, orain artekoan jarraitzea, euskal presoen eskaerei bizkar emanez eta hauen senitarteko eta lagunei eragiten zaien kaltea handiagotuz.
Hori horrela, Sortuk beharrezkoa ikusten du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzea, espetxe politika kriminalaren aurka egitea, konponbidearen alde jardutea delako eta, noski, preso guztiak etxean behar ditugulako, gatazka eta bere ondorioak behin betikoz ixteko. Eta horretarako lehen urratsa presoen Euskal Herriratzea eta sakabanaketari amaiera ematea da.
PPren espetxe politika kriminala amaitzeko indarrak biderkatu behar ditugu: mobilizazio sozialen bitartez, babes eta presio politiko eta instituzionala indartuz… Hori da Sorturen konpromisoa eta aurrerantzean ere herriz herri eta auzoz auzo jorratuko dugun zeregina.