Iturribarriko ortuen alde elkarretaratuko dira arrastian Getxoko udaletxearen aurrean

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 30a, 13:30
Iturribarri inguruko landak.

Algortako Iturribarri inguruko landan "berehala" martxan jarriko duten urbanizazio-prozesua dela eta, Hezetasuna Auzoko Bizilagunen Taldeak elkarretaratzea deitu du gaur arrastirtako, 16:00etan, Getxoko udaletxearen aurrean. Ondoren, taldeko kideek azaldu dutenez, gaur bertan izango den osoko bilkuran sartu eta galde-eskeen txandan proiektu horren eta ortuen inguruko eztabaida piztuko dute.

Algortako Iturribarri inguruko ortuak husteko agindua zuen gutuna jaso dute hango auzotarrek, "berehala martxan jarriko duten urbanizazio-prozesua dela eta". Hezetasuna Auzoko Bizilagunen Taldeak deia egin du udalerriko auzoen "nortasuna" sortzen duten eremu berdeak babesteko; hala, auzotarrei eskatu die balkoi eta leihoetan bandera berdeak eskegitzeko, "ados ez gaudela erakusteko, Udalari eta eraikuntza-enpresei". Era berean, jakinarazi dutenez, eguenero bilerak egingo dituzte San Nikolas ikastolaren aurrean, 19:30ean

Urbanizazio-prozesua

Udalak jakinarazi duenez, inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko 147-273 inguru eraikiko dituzte, ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera. Eraikinek lau solairuko altuera izango dute, eta eraikin arteko gutxieneko tartea 8 metrokoa izango da.

Eraikigarritasun maximoa HAPOak ezarritakoa izango da: 37.597 metro koadro etxebizitza librearentzako, 14.732 metro koadro babes ofizialekoentzat eta 3.500 metro koadro ekipamenduarentzat. Getxoko Udalak gogoratu duenez,  Birpartzelazio Proiektuaren Berritutako Testua 2013ko azaroaren 19an onartu zen, eta 2014ko irailaren 11n horren formalizazioa onartu zuten.

Birpartzelazio prozesu horretan, Exekuzio Unitateak hartzen dituen babes ofizialeko etxebizitza guztiak hartu ditu Udalak, “horrela aurreikusten zen Etxebizitza Planean”, zehaztu dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun