Algortako Iturribarri inguruko ortuak husteko agindua zuen gutuna jaso dute hango auzotarrek, "berehala martxan jarriko duten urbanizazio-prozesua dela eta". Hezetasuna Auzoko Bizilagunen Taldeak deia egin du udalerriko auzoen "nortasuna" sortzen duten eremu berdeak babesteko; hala, auzotarrei eskatu die balkoi eta leihoetan bandera berdeak eskegitzeko, "ados ez gaudela erakusteko, Udalari eta eraikuntza-enpresei". Era berean, jakinarazi dutenez, eguenero bilerak egingo dituzte San Nikolas ikastolaren aurrean, 19:30ean
Urbanizazio-prozesua
Udalak jakinarazi duenez, inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko 147-273 inguru eraikiko dituzte, ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera. Eraikinek lau solairuko altuera izango dute, eta eraikin arteko gutxieneko tartea 8 metrokoa izango da.
Eraikigarritasun maximoa HAPOak ezarritakoa izango da: 37.597 metro koadro etxebizitza librearentzako, 14.732 metro koadro babes ofizialekoentzat eta 3.500 metro koadro ekipamenduarentzat. Getxoko Udalak gogoratu duenez, Birpartzelazio Proiektuaren Berritutako Testua 2013ko azaroaren 19an onartu zen, eta 2014ko irailaren 11n horren formalizazioa onartu zuten.
Birpartzelazio prozesu horretan, Exekuzio Unitateak hartzen dituen babes ofizialeko etxebizitza guztiak hartu ditu Udalak, “horrela aurreikusten zen Etxebizitza Planean”, zehaztu dute.