Udalak euren iritzia kontuan hartu ez duela salatu dute Iturribarriko ortuen aldekoek

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 1a, 17:40
Arrastiko 16:00etan hasi zuten protestaldia atzo.

Iturribarri inguruko urbanizazio-prozesuaren kontrako elkarretaratzea burutu zuten atzo arrastian 30 lagun inguruk. Protestaldi horretan, gainera, Hezetasuna auzoko ortuen aldeko mezua igorri zuten, "inguruan gelditzen den gune berde bakarra" delako. Iraileko osoko bilkura atzo egin zutela aprobetxatu zuten mobilizazioa egiteko; ondoren, udalbatza aretora sartu ziren galde-eskeen txandan proiektu horren eta ortuen inguruko eztabaida pizteko. Hala ere, Imanol Landa Getxoko alkateak euren iritzia "baloratu ez zuela" salatu dute elkarretaratutakoek.

Iturribarri inguruko urbanizazio-proiektuarekiko ezinegona mahaigaineratzeko helburuagaz hurbildu ziren Hezetasuna auzoko bizilagunak atzo burutu zen osoko bilkurara. 16:00etan udaletxeko atarian elkarretaratzea egin ostean, bertaratutako batzuek udalbatza aretora sartu ziren euren ezinegonak galde-eskeen txandan plazaratzeko.

Tarte horretan, Hezetasuna guneko auzokideek inguru horretan etxebizitza duten familiei euren etxebizitzak ez desjabetzea eskatu zuten. Era berean, urbanizazioa burutzeko lanak "auzokideen hitza kontutan hartu barik" hasi direla salatu eta horiek "berehala bertan behera geratzea" aldarrikatu zuten. Azkenik, auzokideen eta Udalaren arteko negoziazio mahaia sortzea eskatu zuten.

Hala ere, Leire Azkargorta Hezetasuna Auzoko Bizilagunen Taldeko kideak azaldu duenez, "Udalak ez du kontuan hartu auzokideon iritzia eta ez du sortu parte hartzeko espaziorik". Era berean, proiektu horien aurrean auzokideen iritzia "txiki" geratzen dela salatu du.

Makinak martxan

Atzoko aldarrikapenak baloratzeaz gainera, makina hondeatzailea ortuen inguruan sartu egin delako kexu agertu dira. Horren aurrean, enpresa eraikitzailearen jarrera gogor salatu dute: "zoratu gaituzte; hasiera batean irailaren 25ean sartuko zirela esaten zuten, ondoren azaroaren erdialdera arte luzatuko zutela epea agindu ziguten, gero esan ziguten urriaren 13an hasiko zituztela lanak eta gaur bertan ekin diete lanei, atzo eta gaur". "Ez dute ezta euren hitza bete; gauza bat esan eta bestea egin dute", gaineratu du Azkargortak.

Urbanizazio-prozesua

Udalak jakinarazi duenez, inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko hainbat eraikiko dituzte. Ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera, BOEen kopurua 147 eta 273 bitartean izan daiteke. Eraikinek lau solairuko altuera izango dute, eta eraikinen arteko gutxieneko tartea 8 metrokoa izango da.

Gehienezko eraikigarritasuna HAPOk ezarritakoa izango da: 37.597 metro koadro etxebizitza libreentzat, 14.732 metro koadro babes ofizialekoentzat eta 3.500 metro koadro ekipamenduentzat. Getxoko Udalak gogoratu duenez, Birpartzelazio Proiektuaren Berritutako Testua 2013ko azaroaren 19an onartu zen, eta 2014ko irailaren 11n horren formalizazioa onartu zuten.

Birpartzelazio prozesu horretan, Exekuzio Unitateak hartzen dituen babes ofizialeko etxebizitza denak hartu ditu Udalak, "horrela aurreikusi zen Etxebizitza Planean", zehaztu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun