Hassana Aalia sahararraren asilo-politikoa ezeztearen kontra agertu da Getxoko Udala

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 14a, 12:30

Hassana Aalia, artxiboko irudia. © Porunsaharalibre.

Hassana Aalia giza-eskubideen aldeko saharar ekintzailea Espainiako Barne Ministerioak asilo-politikoaren eskaera ezeztearen aurka agertu da Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea. Joan den hilaren 6an atxilotu zuten Aalia, eta ondoren Espainiar Estatutik irteteko agindua eman zioten.

Aalia sahararren asilo-politikoa babesteko mozioa onartu zuen otsailean Getxoko Udalak.

Okupatutako El Aaiun-eko Duintasunaren kanpaldi baketsuan parte hartu zuen Aaliak 2010ean, milaka lagunakaz batera, giza-eskubideak aldarrikatzeko. Hurrengo urtean, 27 urteko gaztea gurera etorri zen ikastera, eta orduan jaso zuen Marokoko bilatze eta atxilotzeko agindua, protesta horretan parte hartzeagatik. Gaztea ez zen bertaratu eta auzi-ihesean epaitu zuten; tribunal militar batek biziarteko espetxe-zigorra ezarri zion. Urtarrilaren 19an, Espainiako Barne Ministerioak ez zion onartu eskatutako asilo politikoa. Hortaz, aurki Marokora joan beharko litzateke zigorra betetzera.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordearen oharra:

  • Egiaztatzen du Auzitegi Nazionalak kanporatzeko aginduari buruz emandako kautelazko eteteak Hassanna Aalia babesten duela. Une honetan, Hassanna Auzitegi Nazionalak bere asilo-eskubideari buruz eman beharreko behin betiko ebazpenaren zain dago.
  • Barne Ministerioari eskatzen dio Hassanna Aaliak asilo politikorako duen eskubidea aitortu dezala, nazioarteko babes-eskaera 12/2009 Legeak ezarritakoarekin bat onartuta. Izan ere, bere herrialdera itzuliz gero Marokoko agintari okupatzaileek gogor zigortuko dute eta ezin izango da presondegitik irten bizitza osoan, politikoki aktiboa eta nazioartean ezaguna izateagatik, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidearen alde modu baketsuan borrokatzeagatik.
  • Berretsi egiten du bere kezka Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharan egiten duen giza eskubideen urraketagatik eta eskatzen ditu errepresio-egoera horren amaiera eta preso politiko saharar guztiak askatzea.
  • Berretsi egiten ditu bere konpromisoa saharar herriarekin eta bere babesa ekimen politiko eta sozialen alde, konponbide justua eta behin betikoa lortzera bideratuta, saharar herriak bere autodeterminaziorako daukan eskubide legitimoaren alde, erreferendum libre eta erregular baten bidez, bukatzeke dagoen deskolonizazio-prozesuaren azkeneko urrats gisa.
Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun