Ekitaldian 30 bat lagunek hartu zuten parte, elkarri eragiten. Ekimena ordu bi inguru iraun zuen eta EHUko ikerlarien azalpen bategaz hasi zen. Horiek partaidetza prozesuaren metodologia azaldu eta kontakizuna osatu zuten, inguruan eta Begoñako galerien eta testuinguruaren historiako atalakaz.
Azalpenen ondoren, hiritarren txanda iritsi zen. Beraien ekarpen edo proposamenak egin zituzten, orritxoetan idatziz, eta segidan orritxo horiek mapa batzuetan itsatsi zituzten, horrela galeriak Getxoko eta inguruko beste espazioakaz lotuz.
Atzokoan 73 proposamen jaso ziren, oso gai ezberdinei buruzkoak: eraikinaren egitura "erdibunker" itxurakoa aipatu zuen partaide batek; beste batzuek galerien izaera publikoari eusteko behar utziezina azpimarratu zuten; inguruko museo metropolitarrakaz ere erlazionatu zituzten galeriak eta baita Ezkerraldeagaz ere, Bizkaiko Zubiaren bitartez.
Jasotako informazioak oinarri bat osatzen lagunduko du, eta oinarri horregaz EHUko ikertzaileek proiektuaren jarduketa-eremua eta galeriak zabaltzeko mugak zehaztuko dituen mapa egingo dute.
Ekitaldi hau Begoñako galerien birmoldatze prozesuari lotuta dagoen partaidetza prozesuaren lehen pausoetako bat izan da.