Auzokideak Iturribarriko urbanizatze-lanak ordaintzera behartuko dituztela salatu du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 30a, 12:40
Arantza Gutierrez eta Maite Arraiza EH Bilduko zinegotziak atzo, eguenean, egindako prentsaurrekoan.

Getxoko Udalak udalerrian aurrera eramaten dabilen hirigintza- eta eraikitze-lanak esku pribatuetan uzten dituela eta duela urte batzuk etxebizitza "negozio espekulatzaile" bihurtzeko hautua egin zuela salatu du EH Bilduk. Horren aurrean, lan publikoetan Udalak agente urbanizatzailea izan beharko lukeela uste du koalizio abertzaleak, "modu horretan, enpresa zein multinazionalen interes pribatuak saihesteko bitartekoak jarriko lirateke". Hori horrela, Algortako Iturribarri ingurua urbanizatzeko-prozesua abiatzeko unean Udalak hartutako hainbat jarrera salatu ditu EH Bilduk.

Algortako Hezetasuna auzokideakaz bildu ostean, Iturribarriko proiektuaren espedientea aztertu dute EH Bildukoek. Bertan jazotakoaren ostean, herritar askoren hainbat eskari eta helegite aintzat hartu ez direla ohartarazi dute: "urbanizatze lanak eta ondorengo eraikitze lanak gauzatzeko eratutako Hitzarmen Batzordeak ez du, inondik inora, ahalbideratu auzokideek uko egin ahal izatea proiektuaren barruan esleitutako partzelen eskubideei".

Azaltzen dutenez, dozena bat auzokide inguruk jasoko dute proiektuaren parte den partzela bat euren lur-sailaren ordainetan, Batzordeak ez dituelako auzokide horien helegiteak aintzat hartu eta Udal Gobernuak horiei egindako berrespenaren ondorioz. Horren ondorioz, auzokideak partzela horien urbanizatze lanak ordaintzera behartuta egongo dira.

Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, ugariak izan dira partzela horien eskubideei uko egin dieten auzokideen helegiteak, urbanizatze lan kostu altu horiek saihesteko asmoz. Hala ere, Hitzarmen Batzordeak ez ditu eskari horiek onartu. EH Bilduren arabera ez da harritzekoa jarrera hori; izan ere, gogorarazi dutenez, Viviendas de Vizcayak, Casa Barco higiezinen enpresak eta Kutxabanketik eratorritako Neinor Inversionesek osatzen dute Batzorde horren %80. "Kapitalistak ez du inoiz pertsonen zein herrien ongizatearen zein interes orokorren alde egiten; bere jarduna kontrakoan oinarritzen da", gaitzetsi dute EH Bildukoek.

Ez-onarpen horiei Udalak egindako berrespenek ere "ezinegona" eragin diete koalizio abertzaleko zinegotziei: "horrek erakusten digu Udal Gobernua ez dela herritarren eskubideen alde aritu, herritarren eskariei muzin egin baitie". Azaldu dutenez, 2006ko Lurzoruaren Legeak eskari horiek bideratzeko eta posible egiteko aukera eskaintzen du; hala, prozesuan zehar, udal-teknikariek herritarren helegite horiek babesteko "zalantzak" izan zituztela ohartarazi dute, nahiz eta "azkenean kontuan ez hartzea erabaki direnak".

Horrenbestez, kasu horretan ere, enpresa handien interes pribatuak gailendu direla salatu dute, "auzokide umilarenak albo batera utzita".

Informazio falta

Era berean, zenbait unetan herritarrek ez dutela "behar besteko" informazioa jaso ohartarazi du EH Bilduk. "Legeak zehazten dituen bide ofizial bete badira ere, ez dugu uste auzokide eta kaltetu guztiei behar besteko informazioa helarazi zaiela proiektuaren egoeraren harira"; horren ondorioz, une askotan "ezjakintasuna" nagusitu da. "Zoritxarrez, jarrera hau ez da berria, Udal Gobernuaren parte hartze ezaren eta iluntasun politikaren adierazgarri dira horrelako egoerak. EH Bilduk irmoki salatu izan dituenak urteetan, eta politika egiteko logika zaharkitu bati erantzuten diotenak", salatu dute.

Hori guztiagatik, uste dute gaurko egoera ezin diotela leporatu soilik iraganeko erabakiei. Hala, egoeraren erantzule politikoek, bereziki Hirigintza zinegotziak, zergatik ez zituzten herritarren eskubideak babestu argitu beharko lukeela uste du EH Bilduk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun