Algortako inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko hainbat eraikiko dituzte. Ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera, BOEen kopurua 147 eta 273 bitartean izan daiteke. Hala, guztira, 500 etxebizitza berri baino gehiago eraiki gura dituzte Iturribarrin. Hezetasuna Auzoko Bizilagunon Taldeko kideek gogoratu dutenez, Getxon 3.000 etxebizitza huts baino gehiago dago. "Beharrezkoak direla diote Udaletik, baina gure ustez, nahikoa dugu 3.000 etxebizitza huts egonda; berdegune gehiago gura ditugu eta porlan gutxiago", gaineratu dute.
Era berean, urbanizazio-prozesua aurrera eramateko lana duen BYCAM enpresa ere jomugan jarri dute auzokideek: "oso ondo dakigu BYCAM EAJgaz lotuta dagoen enpresa dela. Gaur egun, jeltzaleek gobernatzen dituzten udalen %85 baino gehiagok laguntza eskaintzen dio enpresa horri, esleipenak lortzeko". Getxoko Udalari "dirua irabaztea eta poltsikoak betetzea" interesatzen diola salatu dute baita ere; "Udalari ezer gutxi interesatzen zaio auzokideek zer pentsatzen duten", amaitu dute.